Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Inasako zuzendaritzak langileen lan baldintzak erabat aldatuko dituen lan erreformako 41. artikulua gaurtik aurrera aplikatuko du. Horri aurre egiteko aurreko ostegunetik mugagabeko greban daude langileak. Gaur, bizikletan, Irurtzun eta Iruñea arteko bidea egin dute eta ondoren Lan Departamentuaren aurrean kontzentrazioa egin dute. Bihar, 18:00etan, manifestazioa deitu dute. Irurtzungo Udalak langileek biharko, 18:00etan, deitu duten manifestazioan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Aldi berean, Irurtzungo Udalak langileei eta enpresa batzordeari elkartasuna azaldu die, eta alkatea haien esanetara jarri da. "Irurtzungo erreferentziazko enpresetako bat da Inasa eta irurtzundar askok lan egin dute han. Gaur egun gertatzen ari dena ez dago justifikatuta". Irurtzungo Udalak Inasako zuzendaritzari negoziazio serioak eta jarraituak hasteko eskaera egin dio, "enpresa batzordeak eskatu bezala". Irurtzungo Udaletik, bestalde, Nafarroako Gobernuari eta Gobernu Ordezkaritzari zuzendu zaizkie, "langileen adierazpen askatasuna eta manifestazio eskubideak errespetatu eta berma ditzaten". Inasako segurtasun arduradunei aipatu eskubideak espazio publikoetan errespetatzeko eskatu diete. Izan ere, enpresako segurtasun zerbitzuak langileek jarritako kartelak, pankartak kendu izan ditu enpresatik kanpo egonda ere.