Azken urtean Twitter modan jarri da ia leku guztietan. Kazetariek asko erabiltzearen ondorioetako bat da, tresna albiste bilakatzea. Oraindik ez da sare sozial masiboa, Facebook edo Tuenti gaztetxoen artean izan daitekeen bezala, baina sektore batek normaltasunez erabiltzen du informazioa trukatu eta iritziak emateko.Twitter erabiltzaile euskaldunon artean obsesio bat hedatu da azken aldi honetan, Trending Topic edo Modako Gaiak sortzeko. Trending Topic bat momentu zehatz batean asko aipatzen ari den gai bat da, algoritmo konplexu batek hala erabakitzen badu. Hau da, gakoa ez da zenbat aldiz aipatzen den hitz bat, baizik eta zenbat aldiz ari den aipatzen aurreko aldiekin alderatuta eta erabiltzaileen barreiatzea zein den. Okerrago da erabiltzaile batek zerbait 100 aldiz aipatzea 50 erabiltzailek birritan aipatzea baino. Katalan hiztunak asko dira eta, horregatik, erraztasun handiagoa dute TT horiek lortzeko, eta askotan inbidia sortzen dute euskal erabiltzaileen artean.Kanpaina asko egiten ari dira gaiarekin: "lor dezagun X arazoa TT bilakatzea, mundu guztia jakin dezan". Arazoa da horretarako sare sendoa behar dela, jende askok parte hartzen duena, momentu zehatz batean aktibatzen dena... errazagoa da, baina, modu autonomoan sortzen direnak, modu militantean sortzen direnak baino. Garapen handiagoa dute eta umoretsuagoak izan ohi dira.Twitterren helburua, baina, ez da bakarrik Trending Topicak sortu eta medioetan agertzea. Komunikatzea, mezuak ematea, modu labur batean iritziak finkatzea ere bada. Ez da bakarrik besteek diotena anplifikatzea, iritzia lagunek ulertzeko modu batean ematea ere bada. Euskaraz bizi nahi dugunok euskaraz iritzia ematea garrantzitsua da, baita sarean ere. Jende gehiago behar dugu sare honetan TTak lortzeko, baina helburua ez da hori bakarrik: gure artean komunikatzea ere izan behar da.Ildo horretan ulertu behar da #twittereuskaraz kanpaina: helburua ez da bakarrik guk euskaraz egitea, baizik eta tresnak berak guri euskaraz egitea. Kanpainak, gainera, izan ditu jada lehenengo fruituak. Erabiltzaileoi euskaratzeko aukera eman digute, hala nahi izanez gero guztia euskarara ekar dezagun.Datuak, gainera, euskara gehiago bisibilizatzea dakar. Katalanarekin batera estatu propiorik ez duten lehenengo itzulpenak izango dira. Gainera milioi bat hiztunetik behera duen lehenengo hizkuntza izango da Twitterren agertzen. Marka da gero!Euskara bisibilizatzen dugu erabiltzen, eta horretaz jakitun dira ere munduko enpresarik handienak. Googlek bere produktu guztiak euskaraz eskaintzen ditu behin lehenengo frogak gaindituta. Wikipedian 33. hizkuntzarik handiena gara, sakontasun maila egokiarekin; YouTubek, Tuentik edo Facebookek ere euskaraz egiten digute. Orain Twitter euskaratuta beste erronka bat lortuko dugu, pauso txikia, baina komunitatearen indarraren erakusgarri.Galder Gonzalez Larrañaga