Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Burunda Txirrindulari taldeak Sakanan barna antolatutako II. Sakana-Burunda zikloturista martxa arrakastatsua izan zen oso. 185 txirrindularik hartu zuten irteera goizeko 8:30ean Altsasuko plazatik abiatu zen proba ez lehiakorrean. Tartean parte-hartzaile ezagunak zeuden, Migel Indurain eta Alberto Martinez txirrindulari ohiak, esaterako, edo Rural Kutxako Fabricio Ferrari, Igor Romero eta Garikoitz Bravo. Atarrabiako txapeldun handiak probaren hasierako zinta mozteko ardura izan zuen. Carlos Palacios azkarrena San Migel igotzenBeroa izan zuten txirrindulariek arerio latzena. Hasieran Ziordiraino jo zuten, buelta hartu eta Altamiratik Urbasako portua igotzeko. Altsasura jaitsi eta Etxarri Aranaztik Lizarragako bidea hartu zuten, Lizarragako katea igotzeko. Arbizutik jaitsita Uharte Arakileraino jo zuten, bertatik San Migel igotzeko. Antolakuntzak San Migelgo igoera kronometratu zuen eta iazko irabazle Carlos Palacios gasteiztarra nagusitu zen atzera ere (31:07), baina ez zuen berak iaz ezarritako erregistroa hobetu (30:47). Emakumezkoetan Nekane Fernandez gailendu zen (1:12:00) eta beteranoetan Iñigo Arellano (33:40) altsasuarra, sailkapenean 5.a sartu zena. San Migeletik Baraibarrera jaitsi ziren eta Oderitzera heldu eta gero Madotz gaina igo zuten, Satrustegiraino heldu eta atzera ere Altsasuko bidea hartzeko. Urdiaindik San Pedrora jo zuten, Dantzalekutik barna Altsasura heltzeko. Bukaeran indarrak berreskuratzeko makarroiak dastatzeko aukera izan zuten guztiek. Aipatzekoa da beste bi hornidura gune izan zituztela eskura, lehena Lakuntzan, Lacunza Calor Group babeslearen lantegi parean, eta bigarrena Aralarko San Migelen. Martxan aritu ziren txirrindulariak kontentu zeuden antolakuntzarekin eta ibilbidearekin. "Oso polita" zela nabarmendu zuten.Sakana-Burunda bizikleta martxa uztailean egin zen iaz, baina aurten ekainera aurreratu da. Helburua ekaineko data egutegian sendotzea eta 500 parte hartzaileetara heltzea da. Burunda Txirrindularitza Klubak badauka esperientzia eta azpiegitura halako probak antolatzeko. Esaterako, iganderako BTT ibilbidea antolatu dute, 1.000 txirrindulariren bueltan egongo dena.Burunda Klubetik eskerrak eman zizkieten proba antolatzea posible egin zuten Rural Kutxa eta Lacunza Calor Group enpresa babesleei eta gainontzeko entitate eta komertzio babesleei. Klubeko 50 pertsona inguru aritu ziren antolaketa lanetan.