City hunter Japonian, Tokion bertan, bizi den detektibe pribatua da. Bere kidea Yakuzako mafioso batek hil ondoren, bere negozioa kidearen arrebarekin aurrera darama. Lupin III, bestalde, lapur paregabea da, aberats eta gaiztoei lapurtzen diena bere poltsikoa betetzeko. Hori bai, beti bere arau moralak betetzen ditu, hau da, jende xumea errespetatu eta soilik boteretsuen eta aberats gaiztoen aurka joaten da.Hainbat arrazoirengatik izan dira famatuak bi manga hauek. Lehenengoak arrakasta izan zuen umorez beterik istorio ezberdinak deskribatzean. Sexu apur batez zipriztindurik, protagonistak beti lortzen du irakurlearen irribarrea lapurtzea. Nahiz eta gaur egun matxista xamarra iruditu (emakumearen papera komiki honetan nahiko estereotipatua dago), bere garaian (80. hamarkadan) emakumeekiko errespetua ere argia zen. Protagonistak emakume ederren lanak soilik onartzen ditu. Tipo arrunta, tiratzaile paregabea, beti bere Magnum pistolarekin gai da edozein tokitan tiro batez zulo bat egiteko eta bigarren tiro bat lehenengo balak egindako zulotik pasatzeko. Espainian Tele 5 kateak eman zituen detektibe honen abenturak, baina ez ordutegi oso aproposean... normalean ostiral eta larunbat gauetan, goizeko hirurak aldera, eta gainera ordutegia ez zuten beti errespetatzen.Bestalde, Lupin III.ak, nahiz eta oso jaioa izan ekintza kriminaletan, indarra burmuinean dauka. Azkarra eta ausarta, bi lankide-sozioen laguntza du beti. Goemon Ishikawa, samurai beldurgarria, bere katanaz edozein lan egiteko gai dena, eta Daisuke Jigen, su armetan maisu, edozein su armarekin punteria paregabea duena. Bestalde, polizia bat bere atzetik edukitzen du beti, Zenigata inspektorea. Arratoia eta sagua bezala ibiltzen dira. Miyazakiren Sherlok Holmes marrazki bizidunen istorioekin paralelismo ugari ikus daitezke.Bi manga hauek gai berdina jorratzen dute, lapur eta detektibeen arteko gatazkak, hain zuzen ere. Lupin-ek Japoniatik kanpo arrakasta izan zuen batez ere Miyazaki zinemagileak marrazki bizidun pelikula bat egin zuenean: "The Castle of Cagliostro (1979)". Antza paregabea du Robin Hood pertsonaiarekin, nahiz eta berak lapurtutakoa txiroekin ez banatu beti, bere moral zuzena dela eta. City Hunter-ek, era berean, badu Robin Hooden nolabaiteko antza, batez ere bere punteriarekin duen trebeziagatik.Gauza ezberdinengatik bi pertsonaiak ditut gustuko. Bata, duen umore sinple eta errazagatik, non edozein aitzakia ona den emakume eder bat agertzeko, nahiz eta beti azkenean amodio kontuetan gauzak gaizki atera. Bestea, duen imajinazioagatik, bere lapurretak egiteko erabiltzen dituen trikimailu, tranpa eta mozorro bitxiak direla eta.Hurrengo astean, ekainaren 13-an, asteazkenean, Iruñeko Yamaguchi liburutegian tertulia izango dugu erdaraz bi pertsonaia hauen lepotik hitz egiteko. Badakit datu bitxiak entzungo ditugula eta baita zenbaitek gustuko izango ez dutela. Ondorioz, tertulia oso aberasgarria eta interesgarria izatea espero dut. Denak zaudete gonbidatuta zuen ikuspuntua adierazteko. Eta oraindik ezagunak ez badituzue, erraz irakurtzen diren komikiak direla esango dut, pentsatu gabe, unetxo goxo bat barrez emateko.Jose Luis AsensioMyaku.fanzine@gmail.comwww.fanzinemyaku.blogspot.com