Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako ezagutza eta ibarreko natura, gauza eta oroimenak jaso, gorde eta ikertu ondoren erabili nahi dira. Jakintza horiek guztiak Sakanaren garapenaren zerbitzura jarri nahi daSakantzen Sareko kideek ekimena halaxe definitu dute: "berritzailea, asmo handikoa eta punta puntakoa, denen artean egina". Azaldu zutenez, Sakanako Ezagutzaren Gizarte Funtsaren helburua da ibarrean dagoen ondare naturala, materiala, ez-materiala eta tokiko ezagutza modu sistematikoan jasotzea eta katalogatzea. "Tradiziotik abiatuta, dauden ondareekin edo baliabideekin konbinatuz, haiek berrerabili eta, aldi berean, ikasketa prozesuak sortzeko". Bildutako ezagutza guztia ibarraren garapen prozesuen zerbitzura jarri nahi du Sakantzen Sareak. Nola? "Aitzinako jarduera ekonomikoak berreskuratu eta balioan jarrita egin daiteke, baita era berritzaileekin jarduera berriak, produktu berriak, zerbitzu berriak, prozedura berriak, identitate faktore berriak edota marketing estrategia berriak sortuz ere". Sakantzen sareko kideen iritziz, "gizarte-funtsa inguruko berrikuntza sistematizatua eta organizatuaren katalizatzaile eta sortzaile izan daiteke, bailarako baliabide eta ezagutzan oinarrituta, baita eskarmentua duten pertsonen mobilizazioan ere". Zer da tokiko ezagutza?Basoaren gestioa, egurraren transformazioa, mikologia, tokiko sukaldaritza, elikagaien eratorriak eta kontserbak, lorezaintza, nekazaritza (aleak, ongarria eta lurraren tratamendua, karraskariei aurre egiteko neurriak, pestizida naturalak, ureztatzea...), osasuna (erremedioak, sendabelarrak eta botika naturalak egiteko moduak), artisautza, artea, fabrikazioa (zerrak, meategiak, musika...) eta abar. Zer da tokiko ondarea?Material arkitektonikoa, artistikoa, industriala, energia azpiegiturak, arkeologikoa... Inmateriala historia, ohiturak, ahozko artea; paisaia eta natura (toki bereziak, zuhaitz zaharrak, gauza bereziak, abereak, landareak, ibaiak...)EpeakGalanek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan zuenez, "gaur aurkeztutako proiektua ez da inon egin". Jakintza horiek biltzeko herrika taldeak sortu nahi dira. Herri bakoitzean dauden jakituriak bildu eta tokiko ondarea zerrendatuko da. Lan batzuk eginda daude aurretik. Dokumentazio hori ere jaso eginen da. Hori guztia aurten eta heldu den urtean egin asmo du Sakantzen sareak. Guztia bildu, katalogatu, antolatu eginen da. Hori 2014 urtean egitea aurreikusten da. Etengabeko analisia eta ezagutzen zabalkundea 2014 eta 2015 urteetarako dago aurreikusia. Parte hartzeko?Sakanako ezagutza eta ondarearen bilketa lana egiteko auzolan erraldoia egin beharko da. Horregatik, interesa duen jendea hilaren 15ean, 19:00etan, Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan eginen den bilerara gonbidatuta dago. Bestela, sakantzensarea@gmail.com helbidera jo daiteke. Talde sustatzaile bat eratuko da eta herrika taldeak ere lanean jarri nahi dituzte. 11 puntu aurrera egitekoLarunbatean bildutakoek onartutako manifestua 1. Krisi ekonomikoa, pertsonek eta gizarteak sufritzen dutela pentsatzen dugu. Krisia krisia bada giza aurpegia duelako da.2. Argi dugu Sakanako egungo egoerari irtenbidea bilatzeko aukerak badaudela. Baliabideak, indar-guneak eta ahalmen handia dauzkagu. Beste tokiko garapen esperientziek erakutsi digute posible dela.3. Ziur gaude krisiaren konponbidea elkartasunez eraikiko dela. Ez dago beste biderik.4. Sakanako krisiari buelta emateko, gure ustez, aktibo nagusia da gizartea. Horretarako, beste dinamika batzuen osagarri, ekimen eraikitzaile, proaktibo eta sortzaileetan murgildu behar dugu geure burua, erantzukizun indibidual eta kolektiboak gainean hartuz.5. Egoera honen arduradunak bilatzea zilegitzat jotzen badugu ere, bada garaia zera galdetzeko: egoera hau gainditzeko eta ongizate kolektiboa hobetzeko, zer egin dezaket? Zer egin dezakegu?.6. Krisi honetatik irteteko, hona ekarri gaituen ereduaz (garapena, kontsumoa, aisialdia eta abarri buruzkoa) hausnarketa beharrezkotzat jotzen dugu.7. Ziur gaude irtenbideak ahalegin praktikoak ere behar dituela, enplegua eta ongizatea sendotuko dituzten ekimen sortzaileak, alegia.8. Zalantzarik gabe, hainbat ekimenen arrakastan lagundu dezake gizarteak, norbanakoon erabakien bitartez.9. Sakanako energia komunitarioa modu askotara aktibatzearen aldeko apustua egiten dugu.10. Gure bailara ekosistema ireki gisa irudikatzea norabide interesgarritzat jotzen dugu. Sakanatik eta Sakanarako ikuspegia hainbat prozesutan landuz, hala nola, kontsumoa, inbertsioa, banaketa, herrilanak, elkartasun-sareak, ondarearen birbalioztatzea, ekintzailetasun soziala...11. Krisia gainditzeko eredu propioa eraikitzeko aukera ikusten dugu, baita eraldaketak egiteko aukera ere, Sakanan bizi eta bizitzen jarraitu nahi dugun guztion ongizate eta zorionaren mesederako.