Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Aurten ez da Sakandarren egunik izanen. Heldu den urtean beste jende batzuk bildu, festa birpentsatu eta aurrera egiten badute agian egonen da, baina aurten 8 urteko ziklo bat itxi da". Halaxe jakinarazi dute "pena handiz" gaurkoan Mustutzen elkarteko kide diren Floren Berazak, Gorka Ovejerok, Aitor Irigoienek eta Patxi Goikoetxeak. Irigoienek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, "ez dugu lortu nahikoa jende biltzea. Sakanako festa bat izan beharrean ospatzen den herrikoa zen". Ovejerok azaldu duenez, "Sakandarren eguna ibarrerako beharrezkoa da, baina beste kontu bat da zein indar edo gogo dauden inplikatzeko. Garbi genuen orain arte bezala jarraitzeak ez zuela zentzurik". Aurten ibarreko ospakizunik izango ez bada ere, Irigoienek azaldu du "guk uste dugu Sakanan behar dugula denona den egun bat izatea. Sakandarren eguna antolatzen horregatik hasi ginen, baina ez dugu lortu". 8 urtetan helburua lortzeko moldaketak egin dituzte (larunbatetik igandera pasa eta beste), baina ez dute helburua lortu, "gauza positibo ugari izan arren". Berazak ibarrean mugitzen diren erakunde guztiei deialdia egin die, bilera bat egin eta gaia birbideratzerik dagoen aztertzeko. Goikoetxeak Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, "elkarlanean eta herri mugimenduetatik sortutako festa izan da hasieratik eta horrela izan behar lukeela uste dugu guk".Zerbait geldituko daSakandarren eguna ospatuko ez bada ere, bere egitarauko zenbait jarduera geldituko dira. Hala, Nafarroako konkistaren V. mendeurrena dela eta, ke seinaleen bidez Sakana eta Iruñea komunikatzeko asmoa dago garilaren 21ean. Asto lasterketa Arruazuko festetan eginen da. Bestalde, Sakandarren egunean banatzen diren urrezko aitzurra eta urteko sakandarraren saria aurten banatu ere eginen dira.