Egoi Martinezen ihesaldiak ez zuen fruiturik eman

Guaixe 2012ko ekainaren 7a

Atzo Dauphiné Liberé lasterketako bigarren etapa jokatu zen. Euskaltel-Euskadi taldeko Egoi Martinez etxarriarra eguneko ihesaldiko protagonista izan zen Cofidiseko Luis Angel Matérekin batera. Etapa hasi eta berehala, lehen kilometroan erasoa jo eta aurrera egin zuten bi txirrindulariek, eta etapa gehiena, 152 km, ihesaldian egin zuten. Tamalez esprinterren taldeak atzean mugitzen hasi ziren eta helmugarako 15 km eskas falta zirenean harrapatu zituzten. Jakina, etapa esprintean erabaki zen eta Sky taldeko Edvald Boasson Hagen izan zen azkarrena. Eroriko ikusgarria izan zen esprinterren artean. Sailkapen orokorrean Sky taldeko Bradley Wigginsek jarraitzen du lider, BMCko Cadel Evans segundo batera eta Astanako Andriy Grivko eta Rabobankeko Carlos Barredo bi segundora dituela. Euskalteleko Gorka Verdugo 46.a da, 35 segundora; Egoi Martinez laranja 63.a, 1:07ra eta Jorge Azanza laranja 74.a, 1:25era. Movistarreko Imanol Erbiti, aldiz, 92.a da, 2:37ra. Gaur 53,5 km-ko erlojupekoari egin beharko diete aurre txirrindulariek. Erlojupekoak geroz eta erabakiorragoak dira lasterketetan, eta Frantziako Tourrean ere distantzia bereko bat izanen da. Jakina da Dauphiné Tourra prestatzeko testa dela, erlojupekoetan ere. Zalantzarik gabe gaurko erlojupekoak hankaz gora jarriko du sailkapen orokorra. Wiggins liderra eta Tony Martin dira irabazteko hautagai nagusiak.