Jimenezi hondakinen balioztatze energetikoa baztertzeko eskatu diote

Guaixe 2012ko ekainaren 11

Larunbatean 250 bat pertsona bildu ziren Iruñeko Baluarte plazan Hiru Mugak Batera plataformak deituta. Bildutakoek Nafarroako sozialisten buru eta gobernuko lehendakariorde den Roberto Jimenezi eskaera zehatzak egin zizkioten. Batetik, hondakinen balioztatze energetikoa erabat baztertzeko, ez erraustegian ezta porlandegian ere. Eredu horren ordez, "zentzuzko kontsumoaren aldeko kontzientziazioa lehenetsi dezala eta berrerabilpenean eta birziklatzean oinarritutako kudeaketa politikak ezartzen indar egin dezala" eskatu zioten Jimenezi. Iruñean bildutakoek, bestalde, salatu zuten Olatzagutiko porlandegia "ez dagoela hondakinak erretzeko bereziki diseinatuta", eta erraustegi batek baino gehiago kutsatuko duela. Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integratuak errauskailurako gorde beharreko distantziak markatzen zituela eta porlandegiak horiek ez dituela betetzen ere gehitu zutenKontzentratutakoek Nafarroako Gobernutik ezarritako "inposizioa eta udal autonomiaren kontrako gehiegikeria" salatu zuten. "Beste porlandegien baimen eskuratze prozeduretan ezagutu ez dena eta multinazional baten interesen mesedetan eta interes orokorraren kaltetan egiten dena".Bestalde, UPNren eta PSNren kontraesanak nabarmendu zituzten: "jarduera kutsatzaile baten aurka agertzeagatik" Sakanan haien zinegotziak zigortzen dituzte, baina Tafallan eta Tuteran erraustegiaren aurka agertu direnak ez.