878 txirrindulari Altsasuko BTTn

Guaixe 2012ko ekainaren 11

Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sailak gogor egin zuen lan atzo. Azkenean 878 txirrindulari edo biker animatu ziren aurtengo BTT zeharkaldian aritzera, "zenbaki ideala" BTT saileko Julian Claver arduradunaren esanetan. Aurten 17. edizioa bete du Altsasuko proba ez lehiakorrak. Goizeko 9:00etan abiatuta, 43,5 km eta 923 metroko desnibelari egin behar izan zieten aurre guztiek, eta ibilbide eder eta bikainari. Aurten, nobedade moduan, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako mugak bat egiten duten Hirumuga parajera iritsi zen txirrindulariak. Bertara ailegatzeko aldapa luzeak pena merezi zuela adierazi zuten txirrindulariek bukaeran, bertatik ikuspegiak paregabeak zirela nabarmenduz.Ibilbideari dagokionez, hasieran Sorozarretatik barna Urdalurrera iritsi ziren, gero Hirumuga igotzeko. Han zegoen hornidura gune nagusia. Atabarratetik barna Urdalurrera jaitsi ziren, eta Orobe eta Ameztiatik barna Altsasun sartu ziren. Ibilbidean barna ez zegoen lokatzik eta ongi moldatu ziren bikerrak. Taldetxoak sortu eta goiz pasa bikaina egin zuten. "Horrenbeste txirrindularien artean ongi gabiltzan? Lasai hartuta, pazientziarekin, primeran. Pista zabalak, bide polita... giro bikaina izaten da" zioen Ozaetako Xabik. Bukaeran, antolatzaileak kontentu eta txirrindulariak baita ere. Askok errepikatzen zuten, eta estreinatu ziren askok hurrengo edizioetan errepikatuko dutela adierazi zuten helmugan. "Oso gustura aritu gara. Aurtengo ibilbidea aldapatsua zen, Hirumugara igotzeko zatia bereziki, baina Hirumugatik bistak ederrak ziren, paregabeak. Merezi izan du" zioen Iñigo altsasuarrak. Antolakuntzarendako hitz ederrak entzuten ziren nonahi. "Dena oso ongi antolatuta, giro ederra... Antolakuntzari 10 bat" adierazi zuen aurten estreinatu eta hurrengo urtean errepikatuko duela ziurtatu zuen Jokin gipuzkoarrak. Helmugan produktuz betetako poltsa jaso zuten txirrindulariek, eta luze eta zabal egon ziren indarrak berreskuratzen. Antolakuntza lanean 100 pertsona inguru aritu ziren lanean. Bierrik fundazioko Amaia Amilibiak eta Juan Mari Guajardo speakerrak girotu zuten helmuga. Azkarrenak ia bi ordutan osatu zuten ibilbidea, eta azkenak ordu bata inguruan.