Ikasleek bi sari lortu dituzte Nafarroako Gobernuaren lehiaketetan

Guaixe 2012ko ekainaren 12a

Nafarroako Gobernuak ikasturtero euskarazko sormena lantzeko eskola-lehiaketak antolatzen ditu. Hainbat arlotan izaten dira eta haietako bitan, etnografian eta deklamazioan eta irrati-gidoian, lehenengo bi sari etorri ziren Sakanara aurreko ostiralean (diploma, aurreko edizioko lanak biltzen dituen CDa eta opari-bonoa). Saritutako lan guztiak Lenarriak IX liburuan argitaratuko dira. Jose Mari Satrustegi etnografia-lehiaketan Altsasuko Aralarko San Migel institutuko Ixabel Begiristain Igoa izan da irabazlea (Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloa). Isabelek Frankismo garaiko ikerketa sakona egin du, garaiko eguneroko bizitzaren azalpena emanez. Horretarako Ixabelek bere amona elkarrizketatu zuen, Etxarriko euskalkian. Pedro Diez de Ulzurrun deklamazio, irrati-gidoi eta podcast lehiaketan Aurpegi alaiak Etxarri-Aranazko San Donato-Beriain ikastetxeko (Lehen Hezkuntzako bigarren zikloa) lanak eskuratu du aurreneko saria. Emma Hidalgo 3. mailako ikasleen tutoreak azaldu digunez, "klaseko 18 ikasleen artean ipuin bat idatzi zuten. Ondoren hura grabatu zuten, bakoitzak zati bat kontatuz eta, azkenik, azpitik musika jarri zioten". Hori gutxi ez eta ikasleek Juan Kruz Igarabideren eta Joxan Ormazabalen olerki bana grabatu zuten, musika laguntza jarriz. Denek ezin izan zuten saria jasotzera joan eta hiru ordezkari izan ziren saria jasotzen ostiralean Iruñean.