Hausnarketa interesgarria dirudi

Guaixe 2012ko ekainaren 15a

Guztiok dugu sortzeko ahalmena eta txiki-txikitatik hori lantzea komenigarria dela diote hainbat adituk. Egungo gizartean moldatzeko oso baliagarria omen.Sortzailea izatea norberak bere buruari beste inork bere buruari egin ez dizkion galderak egitea da, sortzailea izatea arazo batek eduki ditzakeen balizko soluzioen inguruan eztabaidatzea da, sortzailea izatea kuriositatea eta pasioa edukitzea da, sortzaile izatea erantzun bila jarrera aktiboa edukitzea da, zure balioak ezagutzea, gauzei bueltak ematea, arriskatzea, sistematik atera eta aurrera pauso txikiak ematea.Nori erakutsi dizkiote gauza horiek guztiak egiten? Seguruenik inori, baina hemen galdera: posible da hori guztia ikastea? Erantzuna baiezkoa omen da eta egun, ehunaka baliabide dago gizakion sormena lantzen eta ondorioz garatzen laguntzen dutenak. Zenbat eta gazteago hasi, hobe.Erakusteko modu honek seguruenik aldaketak eskatuko ditu hezkuntza sisteman. Izan ere, "Stop Stealing Dreams" manifestuak adierazten duen moduan, egungo hezkuntza sistema industria garaian sortutakoa da, non esana betetzen zuten langileak estimatzen ziren. Egun, aldiz, langilearen profila erabat aldatu da. Eskua altxatu eta galderak egiteko gai den jendea behar da, kontrako iritzia izanik hau adierazteko gaitasuna duena, beraien uste eta iritziak defendatzen dituztenak,... Hezkuntza sisteman egin beharreko aldaketaz hausnarketa egin dute TEDxPlazaCibeles-en ekainaren 2an. Ez dituzte aurtengo hitzaldiak oraindik webgunean argitaratu, baina 2011koak ikusgai daude.Honek guztiak badu zerikusirik Sakantzen sarearen helburuekin: "Sakanako indar-guneetan oinarrituz eta gizartearen indar endogenoak aktibatuz, giza-garapen iraunkorrerako norabidean jarduera ekonomiko berriak eta lanpostu berriak sortzeko garapen komunitarioko esperientzia irekia eraiki". Seguruenik, jarrera aktiboagoa edukitzen erakutsi izan baligute, sarea sasoian egonen litzateke egun.Ana Lasa Senar