Arakil ezagutzeko irteera prestatu dute

Guaixe 2012ko ekainaren 15a

Ibarra hobe ezagutzeko bidea eskaini nahi da hilaren 17ko irteerarekin, batez ere sakandar berriek ezagutu dezatela. Horregatik, haiei gonbitea luzatu zaie, baita betiko sakandarrei ere, batzuk eta besteak elkar ezagutzeko aukera polita izan daitekeelako. Gainera, hainbat kulturetako jokoak ikasteko bidea ematen du topaketak. Igandean Irurtzunen bilduko dira izena eman dutenak eta Etxeberrirantz joko dute. Han Arakilgo alkate Ruben Goñik harrera eginen die. Eta ondoren bisitaldiak hasiko dira. Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu dute ekimena. Esperientzia hirugarrenez antolatu dute, aurreko balorazio baikorraren ondoren. Aurrenekoan Irurtzunen barna ibili ziren eta ondoren Itxasperriko ermitan despeditu zen saioa. Bigarrenean, Aralarko santutegia ezagutu zuten eta Uharte Arakilen izan ziren. Biak ere egun pasa ederrak izan ziren. Egitaraua 9:00etan Irurtzungo Foru plazatik Etxeberrira. 10:00etan Alkatearen harrera. 10:30ean Etxeberriko basotik ibilbidea. 12:30ean Lacturalen bisita. 14:00etan Bazkaria. 15:00etan Jolasak. 16:30ean Etxeberritik Irurtzunera.