Ustarroz eta Mendia omenduko dituzte gaur

Guaixe 2012ko eka. 22a, 09:30

Sakandarren Egunaren baitan banatzen ziren Urteko Sakandarra eta Urrezko Aitzurra sariak Aralarko santutegian banatuko dituzte gaur eguerdian.

Mustutzen elkarteak iragarri zuen aurten ez zuela ibarreko egunik ospatuko, baina merezi duten sakandarrak omentzen segituko duela. Aralarko Santutegian, Mustutzen elkarteak eta Sakanako Mankomunitateak Jose Mari Ustarroz eta Benigno Mendia omenduko dituzte.

Uhartearrak Urteko Sakandarra saria eskuratzeko nahikoa meritu egina du. Mustutzen-eko kide Gorka Ovejerok azaldu zuenez, "Uharte Arakilgo Artzain Egunaren sortzaile, haren antolakuntzan jarraitzen du. Azken urteetan Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenaren presidente da. Gainera, Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren kofradiako burua eta Uharte Arakilgo odol-emaileen ordezkaria ere bada". Ovejerok nabarmendu zuenez, "Ustarroz Sakanarako eta Euskal Herri guztirako oso garrantzitsuak eta esanguratsuak diren ekimenetan buru-belarri sarturik dabil urtetan". Hain justu berea alaba Mirenek sari gisa egindako eskultura jasoko du Ustarrozek.

Urrezko Aitzurra jasoko du Benigno Mendiak. Sariak herrigintzan lanean aritzen diren pertsonen lana aitortu nahi da. Ovejerok azaldu duenez, urdiaindarra "bizitza guztia darama herriko festa, euskararen aldeko ekimen edo Altsasuko ikastolaren aldeko lan isil eta agerikoa ez dena egiten".

Erakundeak
Aurreko bi urteetan bezala omenduek Sakanako Mankomunitatearen presidentearen eskutik jasoko dute. Aitor Karasatorrek Euskara Batzordetik sortu zen festa laguntzen segitzeko asmoa azaldu du. "Oso egoki eta polita ikusten dugu sakandarren artean festa eta omenezko sariak banatzearena. Heldu den urtean festa berreskuratzeko saiakera eginen dugu".

Ainara Aiestaran Uharte Arakilgo alkateordeak gogorarazi zuen herriak 2. Sakandarren eguna hartu zuela eta "egun bikaina" izan zela. Festa, omenaldia, herrira bueltatzeagatik eta omenduetako bat uhartear bat izateagatik pozik agertu zen Aiestaran.