Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etzi, ekainaren 24an, igandearekin, San Juan 4x4 Triala antolatu du Sakana 4x4 taldeak. Egun seinalatuan izango da, Arbizuko San Juan egunean. "Iaz festetan egin genuen baina larunbatean. Aurten larunbata bezpera denez igandean egitea erabaki dugu" azaldu digu Sakana 4x4ko Jose Luis Lakuntza "Risitas"-ek. San Juan Triala Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izanen da eta 15:30ean hasiko da, Arbizuko industrialdean. 15 pilotu bi kategoriatanRisitasek esan digunez, momentuz 15 bat pilotuk eman dute izena. Tartean lau sakandar egonen dira: Josu urdiaindarra, Iñigo Zelaia bakaikoarra, Migel A. Lizarraga dorrobarra eta Mikel "Ixela" arbizuarra. Bi kategorian jokatuko da proba, gurpilen tamainaren arabera. A mailan gurpilak 76 zentimetrotik gora dituzten ibilgailuak ariko dira, eta B mailan 76 zentimetrora artekoak. Antolakuntzak sei gune prestatu ditu, batzuk lokatzeko guneak eta besteak lehorrak, eta ibilgailuak gune horiek gainditu beharko dituzte. 4x4 topaketarekin alderatuta, ibilgailuek maniobra eta postura gehiago egin beharko dituzte igandeko trialean. "Triala askoz ere teknikoagoa da" dio Jose Luis Lakuntzak. Antolakuntzak tabernatxoa jarriko du, ikusleek zer edan izan dezaten. Eta bukaeran, pilotu guztiendako auzatea izanen da. "Iaz pilotuak Arbizuko plazara merendatzera eraman genituen, eta izugarri gustatu zitzaien. Baina aurten triala igandean egin dugunez hurrengo eguna lan eguna da gehienendako, eta ezingo dugu afaria egin" gaineratu du Lakuntzak. Motorren ikuskizuna prest dago Arbizuko festen egun handian. Bihar slalom erakustaldia IrurtzunenIrurtzungo Akaborro industri guneak II. Slalom erakustaldia hartuko du bihar, larunbatean. Larrazpi elkarteak eta Motoclub Trinidadek antolatu dute ekitaldia, Irurtzungo Udalaren laguntzarekin. Industrialdean barna konoak, biribilak eta beste egonen dira, eta gidariek traba eta oztopo guztiei aurre egin beharko diete. Erakustaldia 16:00etan hasiko da eta 20:00ak arte luzatuko da.