Goi tentsioko linearen kontra

Guaixe 2012ko ekainaren 26a

Larunbatean 75 bat pertsonak ordu erdiko kontzentrazioa egin zuten Altsasuko udaletxe parean. Autopista elektrikorik ez! lelopean bildu ziren, Red Electrica Españolak (REE) Deikaztelu eta Itsaso artean aurreikusitako linea bertan behera uzteko eskatzeko. Enpresak larunbatera arteko epea du egitasmoa aurkezteko epea. Horregatik, egin zuen deialdia Tentsio Altuko Linearen kontrako Plataformak. Han biltzen dira linearen kontra azaldu diren Nafarroako eta Gipuzkoako toki erakundeak. Larunbatean salatu zutenez aurreikusitako 400 Kw-ko lineak "burbuila elektrikoa puzteko pentsatuta dago". Plataformako kideek salatu zuten argindar faktura 4 urtetan %40 garestitzea ekarriko duela. Egitasmoa "gure eskualdeetarako egindako apustu eta aurreikuspenekin aurrez aurre talka egiten duena" eta gaineratu zuen "izugarrizko inpaktua" duela lineak "naturan, osasunean eta ekoizpen-ehunean". Halakoak aurrera eramaten diren bitartean "lurralde desorekak, gizarte zerbitzu ezegonkorrak eta bidegabekeria kontaezinak" daudela nabarmendu zuen.165 toki erakunde nafar biltzen dituen erakundeko ordezkariekin bildu ez delako, larunbatean Nafarroako Gobernuaren kontra ere jo zuen Tentsio Altuko Linearen kontrako Plataformak.