Ustarroz eta Mendia omenduak

Guaixe 2012ko eka. 26a, 09:02

Sakandarren egunean egiten zen omenaldia ostiralean egin zen, aurten ospakizunik ez dagoen arren.

Ostiral eguerdian, Aralarko santutegian, Urteko sakandarraren aipamena jaso zuen Jose Mari Ustarrozek. Artzain eguneko antolatzaile, Idiazabal jatorri izendapeneko buru, Uharte Arakilgo odolemaileen ordezkari eta Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren kofradiako burua da uhartearra. Benigno Mendiak, berriz, urrezko aitzurra jaso zuen herrigintzan egindako lanagatik. Biek ere nahikoa meritu eginak dituzte aipamenak jasotzeko.

Sakandarren eguna antolatzen zuen Mustutzen elkarteko Gorka Ovejerok ostiralean azaldu zuen ekitaldia "ezintasunaren isla" izan zela. "8 urtez ahalegindu gara Sakandarren eguna aurrera eramaten. Herrietan giro polita sortzea lortu dugu, baina ez dugu lortu ibarreko jendeen elkargunea izatea". Sakandarren eguneko unerik adierazgarriena omenaldiarena zelako hura mantentzea erabaki du elkarteak. Pena zuten astegun batean antolatu behar izanaz, "jai egun ugari daude data hauetan eta, horregatik, lan egun batean egin behar izan dugu sari banaketa", esan zuen Ovejerok.