Sutara!

Guaixe 2012ko ekainaren 29a

Tradizio handiko ospakizuna dugu San Juan bezpera. Bailarako herri batzuetan festak izaten ditugula denok dakigu, beste askotan ere egun berezia izaten da non koadrila afariak izaten diren, suak, ezkilak jo ta jo... Antzina erlijioa ere bereganatzen saiatu zen festa hau, badakizue, "ezin baduzu zerbaiten kontra, bereganatu ezazu".Urteko gaurik motzena dugularik, udarari ongietorria emateko antzinatik ospatzen dugun festan pizten ditugun suek eguzkiarekiko lotura irudikatzen dute. Suek beti izan dute garbitasun zentzu bat, gauza zaharrak eta ahaztu beharreko guztiak sutara botatzen ditugu ahaztu nahi ditugunean: kurtso zailen bat bukatzean libururen bat, ahaztu nahi dugun norbaiten argazkia edota paper batean idatzitako ahaztu beharreko gauzak... Suak erre eta ezabatu egiten ditu.Aurten gauza asko bota izan ditut sutara, gure bailaran hainbat arrazoi izan ditugu azkeneko urtean sutara botatzeko. Egoera latzak jasaten ari gara gurean, enpresa asko errenka dabiltza eta geroz eta familia gehiago langabezian geratzen ari dira. Ezagutu izan dugun azkenekoa Irurtzungo Inasaren itxiera (nire animu guztiak bertako langileentzako) Hauek bai sutara botatzeko gauzak izan!Dena den sakandarrak izatez nortasun indartsua daukagu, burugogorrak eta tematiak. Sekula ez dizkigute gauzak errez jarri eta hemen jarraitzen dugu, zer edo zer lortu nahi dugunean denon indarrak batuz gero lortzen joaten gara. Ezin dugu itxaron kanpotik etorri beharko den laguntza, guk egiten ez duguna beste batzuek egin behar ez dutelako guregatik. Inork ez zuen esan erreza izango zenik.Bailara ikaragarri polita daukagu, berezia, mendi eta basoz inguratuta. Herri izugarriak ditugu eta bertako jendea jatorra eta langilea. Defenda eta zaindu dezagun gurea dena, Sakanan bizi eta lan egiten jarraitu nahi dugula aldarrikatuz. Bota ditzagun sutara ahaztu beharreko gauza guztiak eta salto egin ditzagun suak heldu den urte honetarako ezbeharren gainetik pasatzeko eta nahiak aldarrikatzeko. Animo!Ibai Hernaiz