Euskarazko hedabideak gal ez daitezen eta haiek sendotzeko deia egin zuten atzo hainbat sakandarrek. Hedabide asko egoera "makurrean" daudela azaldu zuten eta asko desagertzeko "arriskuan" daudela esan zuten: Berria egunkaria, Beleixe irratia eta Guaixe astekaria kasu. Atzoko agerraldian Lorea Agirre kazetariak idatzitako Izan gaitezen testuaren moldaketa irakurri zuen Izaskun Etxeberria Zufiaurrek guztien izenean. Bitarteko, tamaina, maiztasun eta gaiak gai, euskarazko hedabide guztiak ezinbestekotzat direla nabarmendu zuten. Hizkuntzak bideak ibil ditzan beharrezko jo zituzten. Baina hiztunak ere beharrezko jo zituzten, "bide horietan barrena bidaian abiatzeko, eta bidean elkar ezagutzeko, eta talde egiteko eta etxeko sentitzeko". Euskaldunen komunitateak "munduari begiratzeko modu bat izateko" euskarazko hedabideak izan behar direla aldarrikatu zuten. Azaldu zutenez, euskarazko hedabide guztiak "elkar elikatzen dute, denak behar dira hizkuntzak eta hiztunek izaten jarraituko badute". Euskarazko hedabideak herrigintza direla nabarmendu zuten: kultur zabalkundean laguntzen duelako, talde izateko elkarren ezagutzaren berri ematen duelako eta elkar elikatzen gaituztelako. Joanmari Larrartek, Berria taldearen kontseilari ordezkariak, hitza hartu zuen euskarazko hedabideen alde agertu diren guztiei eskerrak emateko. "izan garelako, baina izan nahi dugulako, etorkizunera begira beharrezkoa da, berriro ere, denon artean bide bat jartzea euskarazko hedabideak izan daitezen". Larrartek bide hori egiteko herritarren ekarpenak ezinbesteko direla nabarmendu zuen. "Guk gaur egun hori ikusten dugu aukera bakarra etorkizunean ere. Horretan ari gara lanean eta eskerrik asko zuei guztioi bide horretan laguntzeagatik. Azken batean zuek gabe ezinezkoa zaigulako etorkizuna ziurtatzea". Agerraldian izan zirenakKargu publikoak: Juantxu Zabala (Arbizuko Udala zinegotzia), Oihana Olaberria (Arakilgo zinegotzia/ Mankomunitateko Euskara Batzordeko lehendakariordea), Eneka Maiz (Etxarri Aranazko Udala zinegotzia / Bierrik fundazioa patronatuko kidea), Hasier Gonzalez (Altsasuko Udala zinegotzia), Garazi Urrestarazu (Altsasuko Udala alkatea), Aner Galartza (Bakaikuko alkatea), Maite Aldatz (Sakanako Mankomunitatea Euskara Batzordeko lehendakaria) eta Aitor Karasatorre (Sakanako Mankomunitatea lehendakaria).Euskalgintza: Felix Altzelai (Berrialagunak), Izaskun Etxeberria (Bierrik fundazioa patronatuko kidea), Anaitz Igoa (Etxarriko EHE), Maialen Peláez (Altsasuko EHE), Javi Ziordia (Kima euskara taldea /Berrialagunak ), Josebe Sagastibeltza, Muxi Mariñelarena eta Arantxa Garziandia (Andra Mari ikastola / Berrialagunak), Eneida Carreño (Iñigo Aritza eta Txioka ikastolak), Patxi Flores (AEK), Aitor Irigoien (Miamitilik), Idoia Artieda (Mintzakide), Pello Urzelai (Berriako kazetaria), Joanmari Larrarte (Berria taldea kontseilari ordezkaria), Izaskun Razkin (Bierrik fundazioa 2000 esker kanpainako koordinatzailea), Amaia Amilibia (Bierrik fundazioa) eta Ainhoa Urretagoiena (Bierrik fundazioa kudeatzailea).Eta gainera: Iker Mariñelarena (2000 esker batzordea), Aingeru Mikeo (euskaltzalea) eta Ane Miren Iruretagoiena (Luis Fuentes LHI zuzendaria).Izan gaitezen Izan paperezko, izan uhinezko, izan ikus-entzunezko, izan sareko. Izan herriko, izan eskualdeko, izan nazio mailako. Izan informazio orokorreko, izan musikako, izan ekonomiako, izan umeentzako edota gurasoentzako, izan bertso zaleentzako, izan gozozaleentzako, izan zientziako, izan pentsamenduko, izan umorezko, izan zinemako, izan ehiztarientzako, izan dekorazioko, izan eskolako. Izan segunduroko, izan eguneroko, izan asteroko, izan hilabeteko, izan urteroko. Izan.Izan, hedabideak beharrezkoak dira hizkuntza bide bidezidor errepide eta autopista zahar eta berrietan abia arazteko. Izan asfaltozko, izan goroldiozko, izan hodeiezko. Beharrezko dira hiztunak, itxitura eta atakak ireki, eta bide horietan barrena bidaian abiatzeko, eta bidean elkar ezagutzeko, eta talde egiteko eta etxeko sentitzeko. Beharrezko dira munduari begiratzeko modu bat izateko: teilatu eta ispilu, geure buruarentzat; leiho, geure begientzat; ate, inguruan ditugunentzat.Izan ere, hedabide guzti-guztiak izan mundu berekoak dira. Euskararen mundukoak. Izan txiki izan erraldoi, izan txokoko izan erdiguneko, izan mendiko izan araneko izan itsasoko. Denak dira beharrezko, denak elikatzen dute elkar, denak behar dira hizkuntzak eta hiztunek izaten jarraituko badute.Hedabideak, euskarazko hedabideak funtsezko dira gizarte eta kulturako ekimen guztiak ezagutu zabaldu ezagutzera eman balioztatu eta indartzeko. Esan ohi da zabalkunderik ez duen kultura ez dela kultura, elkar ezagutzen ez dutenak ez direla talde, elkar elikatzen ez direnak ez dutela etorkizunik. Euskarazko hedabideak herrigintza dira. Gugintza. Izan, izatea bermatzen laguntzen duten hitzezko lur baten zutabeak dira.Hedabide asko egoera makurrean daude: batzuk paperaren krisiak harrapatu dituelako, askori diru iturriak apaldu zaizkielako, gehienak krisi ekonomikoak azpian hartu dituelako eta ia denei laguntza publikoak gutxitu zaizkielako, eta batzuei baita ukatu ere. Bakarra desagertzea denen galera da. Denona. Batzuk desagertu dira dagoeneko, eta askoren iraupena arrisku bizian dago.BERRIA egunkariarena, kasu. GUAIXE aldizkaria eta BELEIXE irratiarena ere bai. Etorkizunean izan izango bada gaur lagundu behar da, euskarazko hedabideak ez daitezen gal, sendotu baizik, eta horrekin euskararen mundua izan izan dadin. Lorea Agirre (moldatua)