Gobernuak 99 ikasle bertsolaritza gabe utzi ditu

Guaixe 2012ko ekainaren 29a

Hezkuntza Departamenduak Bertsolaritza irakaskuntzan programa bertan behera uztea erabaki du. Hurrengo ikasturtetik aurrera egitasmoak ez duela diru finantzaziorik izanen  jakinarazi du, horretarako bideratutako partida desagertu behar delako. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak 2011ko udan hiru urtetarako sinatu zuten kontratua deuseztatu du Hezkuntza Departamenduak.Despeditu berri den ikasturtean 31 ikastetxeetako D ereduko 1.100 ikasle inguruk jaso dute bertsolaritza eskolak (48.000 euro). Haietatik 99 ikasle sakandarrak dira: Atakondoako 18, San Donatoko 18, Arrano Beltzako 10, Urdiaingo 13 eta Zelandiko 40. Programa hartzen duten ikastetxeak txandakatu egiten dira. Hala heldu den ikasturtean Lakuntzako Luis Fuentesek hartu behar zuen programa. 1997tik Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleek "Bertsolaritza irakaskuntzan" programa jaso dute. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek urte osoko ikastaroa jaso izan dute, asteroko maiztasunez, urritik maiatza bitartean, 30 orduko ikastaroa eginez. Programa jaso duten ikastetxeek ezin hobeki baloratu izan dute programa. Erabaki horren aurrean, Nafarroako Bertsozale Elkarteak "bere harridura, kezka eta haserrea" agertu du eta Hezkuntza Departamenduari horren beharrezkoa, onuragarria eta errentagarria den programa diruz laguntzen segitzea eskatzen dio, pasa den urtean sinatutako kontratua betez.