Ostegunetik igandera Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu dira Salamancan. Atzo elite mailako lasterketa jokatu zen. Bero sapa itzelari aurre eginez, hasiera hasieratik ihesaldi saiakerak egon ziren. Tartean Euskaltel-Euskadiko Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrak saiatu ziren, baina tropelak ez zien utzi. Azkenean esprintean erabaki zen txapelketa eta Movistar taldeko Fran Ventoso izan zen azkarrena, urrezko domina lortuz, Garmin taldeko Koldo Fernandez de Larrearen aurretik. Euskalteleko Pablo Urtasun urdiaindarra 9.a izan zen eta bere taldekide Gorka Verdugo etxarriarra 11.a. Movistarren dabilen Hiriberriko Imanol Erbiti, aldiz, 21.a sailkatu zen, eta talde laranjako Egoi Martinez 31.a. Orbea taldean dabilen Xabier Zabalo olaztiarra, aldiz, 60. postuan heldu zen helmugara. Txirrindulari guztiek larunbatean hasiko den Tourra dute buruan. Euskaltel-Euskadiko lau txirrindulari sakandarrek asteazkenean hartuko dute munduko lasterketa inportanteenerako bidea.