Etxalekuk Euskal Herriko Sega Ligako bigarren jardunaldia hartu zuen atzo. Mutilek 100 metro karratuko sail bana moztu behar izan zuten, eta neskek 35 metro karratukoa.Altsasun bizi den Bixente Mitxelena oiartzuar beteranoak sasoi betean dagoela demostratu zuen eta proba bukatzen lehena izan zen (3:07), Igor Esnaola (3:15), Altzo (3:33) eta Goenagaren (3:38) aurretik. Emakumezkoetan Alazne Etxaburua (1:43) izan zen azkarrena, Arrate Garinen (2:08) eta Aloña Galarragaren aurretik (2:18). Euskal Herriko Sega Liga uztailaren 22an erabakiko da Zaldibian. Oraindik ez dago ezer erabakita gizonezkoetan, oso estu baitaude. Igor Esnaola dago buruan, gertu gertu Mitxelena, Altzo eta Goenaga dituela. Aldiz, emakumezkoetan Etxaburuak alde nabarmena du.