Euskaltelek iaz lortutakoa berretsi nahi luke Tourrean

Guaixe 2012ko ekainaren 27a

Larunbatean hasiko da Tourra Liejan, eta txirrindularitza taldeak bidean dira. Euskaltel-Euskadi taldeak bihar hartuko du hegaldia, eta atzo Frantzian ariko den bederatzikotearen aurkezpena egin zuten Euskaltelen egoitza nagusian. Talde laranjaren helburua iaz lortutakoa berdintzea litzateke, mendiko maillota, etapa bat eta sailkapen nagusiko seigarren postua eskuratzea ¬Contadorren zigorraren ondoren ofizialki bosgarren postua - , hain zuzen. "Konfiantzaz gainezka" daudela azaldu zuten. Samuel Sanchez izango da liderra. Aipatu zuenez, Dauphineko erorketaren ondoren oraindik ez dago erabat osatuta baina ez du minik, eta azken asteetan egin duen prestaketarekin pozik dago asturiarra. Esperientzia handiko taldea izango du ondoan, Gorka Gerrikagoitiak zuzendutakoa. Hari laguntzen lau ezkutari sakandar fidel: Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza. Eta haiekin Amets Txurrukak, Ruben Perezek, Mikel Astarlozak eta Gorka Izagirrek osatuko dute taldea. Euskadi Fundazioko presidente Migel Madariagak adierazi zuen "zorte txarrik ez edukitzea" zela eskatzen zuen gauza bakarra. "Gainerakoa txirrindulariek egingo dute" gaineratu zuen. Sanchez liderra penatuta zegoen tropelean Contador eta Andy Schleck ez direlako egongo. "Denok galduko dugu" azaldu zuen. Taldeak aurreraEuskaltel taldeko presidente Alberto Garciak adierazi zuen txirrindularitza talde laranjaren etorkizuna bermatuta dagoela, hau da, telefonia enpresak txirrindularitza taldea babesten jarraituko duela, eta 2013tik aurrera taldeko managerra Igor Gonzalez de Galdeano izango dela. Hortaz, arabarra taldera itzuliko da. Taldearen helburua elitean jarraitzea izango da, harrobia alde batera utzi gabe.