Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Euskadiko Rally Txapelketako lehen proba jokatu zen Durangon, IV. Balcón de Bizkaia Rallya hain zuzen. Parte hartzaileek 5 eremuei bi pasada egin behar izan zizkieten, guztira 10 eremu osatuz: 85 km kronometratu, 250 km eremu ezberdinen arteko loturak eta beste kontuan hartuta. Hortaz, Rally luzea eta gogorra. Sakana Motorsport taldeko hiru talde aritu ziren: Arkaitz Irigoien-Oier Larrañaga bakaikoarrak (Renault 11 Turbo, IV. Taldean), Joseba Aldaz olaztiarra eta Iker Azkargorta iturmendiarra (Peugeot 205 Rallye, I. Taldean) eta Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra eta Aritz Azpiroz ziordiarra (Renault 5 GT Turbo, FL taldea). Lan txukunaRally gogorra izan zen, 75 taldeetatik soilik 39k bukatu zuten. Bakaikoarrendako euren lehen rallya zen. Oso ongi zihoazten, denbora onak egiten, 5. eremuan, Soraluzen, arazo mekaniko batengatik proba utzi behar izan zuten arte. Joseba Aldazek eta Iker Azkargortak arazo mekaniko ugari izan zituzten, eta azkeneko eremuan kotxea irauli zuten, gurutze itxi batean. Ikusleen laguntzarekin autoa bidera itzuli eta helmugara iristea lortu zuten. Hala ere, lan aipagarria egin zuten: euren multzoko, lehen multzoko txapeldunak izan ziren, euren multzotik proba despeditzea lortu zuten bakarrak, eta Soraluzeko eremuan denbora ikusgarriak lortu zituzten. 4 urtez rallytan parte hartu gabe egon eta gero Iban Lopez de Goikoetxea eta Aritz Azpirozek Euskal Herriko Rallye Txapelketa osoa egiteko asmoa dute. Kotxea puntuan jarri eta kilometroak egin eta lasterketa bukatzea zuten asmoa. Arazo mekaniko ugari izan zituzten eta lehietatik kanpo egon eta gero, erritmo falta nabaritu zuten. 26. Postuan sailkatu ziren, FL mailan 5.ak. Euskal Herriko Rallye Txapelketaren hurrengo proba Donostia Hiria Rallya izango da, irailaren 29an. Abuztuaren bukaeran Rallye Du Pays Basquen aritzeko asmoa dute.