Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur despedituko dira Arbizuko San Juanak baina bihar egonen da, oraindik ere, festa gogoz arituko denik. Izan ere Asperekin debutatu duen Joseba Ezkurdia arbizuarrak bere profesionaletako lehen finala jokatuko du. Promozioko Buruz Buruko finalera heldu da arbizuarra, eta arerio gogor bezain ezaguna izanen du: Jon Jaunarena leitzarra. Pilotari bikainak biak, lehia gogorra espero da bihar Labriten. Arbizuko eta Leitzako zaleek gogoz beteko dute Labrit eta bonboneran festa giro bikaina espero da, aurre sanfermin giroa, hain zuzen. Egun hauetan Iruñean egon da Joseba Ezkurdia, festa girotik kanpo, lasai. "Momentuz ez dut presiorik sentitzen. Lasai nago" dio. Eskuin orkatila bihurritu zuen, baina ongi osatu zaio lesioa. "Hiru entrenamendu fuerte egin ditut eta ongi erantzun dit hankak" dio Arbizuko aurrelariak. Jaunarena izango du arerioa, arerio latza, gainera. Sarritan aritu izan dira elkarren kontra. "Defentsa ona du, pilotari asko eta erraz ematen dio... bere jokoari aurre egiten saiatuko gara" dio, umil, Ezkurdiak. Debutatu eta 5 hilabetera jokatuko du lehen finala Ezkurdiak. Gainera, Sanferminetan Marco Real edo ardoaren desafioan parte hartuko du (hiru partidetatik bi irabazten dituen enpresa izango da irabazlea), Urrutikoetxearen kontra buruz-buru arituz. Pozik egoteko modukoa. "Gauza handia da pasatzen ari zaidana, eta oso pozik nago" dio. Lino Arruti izanen da bere botileroa. "Arbizuko Aldabide taldean nenbiltzanetik dago nire ondoan. Oso ongi ezagutzen nau eta badaki zer esan eta nola, zer ateraldi izan, nondik jo... bizi guztia daramagu elkarrekin" gaineratzen du. Horretaz gain, familia, lagunak eta koadrilakoen babesa eskertu nahi du. "Asko Labriten egongo dira eta beste asko partida etxean jarraitzen. Ezin naiz kexatu". Zorte guztia opa diogu. Ezkurdia - JaunarenaBihar, ekainaren 30ean, 17:00etan, Iruñeko Labriten. Nitro katearen bidez jarraitu ahalko da telebistaz. Jaialdiko lehen partida: Ongay-Merino / Rico IV.-IzaBukaerako partida, Sanfermin torneoa: Olaizola II. - Bengoetxea VI.