Inoiz baino sakandarrago

Guaixe 2012ko ekainaren 29a

Lau txirrindulari laranja - Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza - eta Movistarreko Imanol Erbiti hiriberriarra ariko dira Tourrean. Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzendaritza lanak eginen dituBihar hasiko da 2012ko Tourra, Le grande bouclé, Belgikako Liejan jokatuko den atariko etaparekin. Lehendabiziko astean etapa lauak izango dira nagusi, esprinterren luzimendutarako izaten direnak. Iaz, hala ere, eroriko ugari egon ziren eta, hortaz, adi egoteko etapak dira. Beranduago iritsiko dira Alpeak, eta Pirinioak segidan. Munduan jarraipen gehien duen hirugarren kirol ekitaldia da, Joko Olinpikoen eta Futbol Mundialaren atzetik. Tourra urtero jokatzen dela kontuan hartuta, eta beste ekitaldiak lau urtero, munduko erakusleihorik inportanteena dela esan dezakegu. Eta gure txirrindulariek bertan badute bere txokoa. Izan ere, Frantziako Tourra inoiz baino sakandarragoa izanen da. Tropelean Euskaltel-Euskadi taldeko lau txirrindulari sakandarrak - Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza - eta Movistar taldean dabilen eta Hiriberriko jatorria duen Imanol Erbiti ariko dira lanean. Bestalde, Jose Luis Arrieta uhartearrak Movistar Team zuzenduko du Eusebio Unzuérekin batera. Erlojupekoek erabakiko al dute?Santzioagatik Contador ezingo da aritu, eta lesioagatik Andy Schleck ere ez dugu lehian ikusiko. Aurtengo Tourrak bi erlojupeko izango dituela kontuan hartuta - askorendako gehiegi - erlojupekoetan Wiggins, Evans edo Menchovek alde nabarmena hartu ahal dutela uste dute askok, eta faborito jotzen dituzte. Euskalteleko Samuel Sanchez da beste faboritoetako bat - ikusi beharko da Dauphinéko erorikotik nola osatu den - eta Valverdek ere emango du zer esana. Pablo Urtasun gogoekin dago, eta sasoi betean. Talde laranjako lau sakandarren lana Samuel Sanchez liderraren alde lana egitea izango da. Bere ezkutari fidelak izango dira. Lehenengo astean adi egotea da bere kezketako bat. "Lehenengo asteko etapa lauetan ez da Tourra irabazten baina asko gal daiteke. Erorikoak, tropelean egon daitezkeen mozketak... adi egon behar da eta lehen aste horri ongi eutsi" dio urdiandarrak. Urte osoan lasterketaren zain egon eta gero "beharrezkoa den urduritasun puntu horrekin" topatu dugu Jorge Azanza. Iaz Giroan eta Vueltan aritu zen altsasuarra eta egindako lan onaren sari jotzen du aurten Tourrean aritzeak. Bere bigarren Tourra izango da, 2007an ere aritu baitzen. Samuel Sanchezen prestakuntza berbera eraman du Azanzak, bere itzala izan da. "Samuel ongi entrenatu da eta konfiantzarekin dago, beti puntuan. Berarendako egingo dugu lan" dio Euskaltelekoak. Halaber, pozik dago Euskaltelek fundazioa babesten jarraituko duelako talde laranjaren etorkizuna bermatuta dagoelako. Wiggins eta Evans jotzen ditu faborito nagusi, aurten erlojupekoek izango duten garrantziagatik, eta, jakina, Samuel Sanchez. "Gauzak ongi joan eta erorikoekin eta beste zorte txarrik ez izatea" espero du altsasuarrak. Gorka Verdugo eta Egoi Martinez beteranoenak dira Tourrean. Lehenengoak 7.Tourrari ekingo dio eta bigarrenak 9.ari. Talde gizon sakrifikatuak, Sanchezen pilareetako bat izanen dira. Talde laranjaren helburua aurrean egotea da. Iaz lortutakoa berdintzea - etapa bat, mendiko maillota eta sailkapen nagusiko 5. postua - ere handia litzateke. Valverde laguntzea, Erbitiren lanaMovistar taldeak Alejandro Valverde txirrindulariarekin helburu "anbiziosoak" ditu Frantziako Tourrean. Santzioagatik hiru urte Tourrean aritu gabe egon eta gero, Valverde goian egotea nahi du Movistar Teamek. Horretarako esperientzia handiko taldea osatu dute: Hiriberriko Imanol Erbiti, Juanjo Cobo, Valdimir Karpets, Rui Costa, Jose Joaquin Rojas, Ruben Plaza, Vasil Kiryienka eta Ivan Gutierrez. Puntako taldea, hain zuzen. Haien lana zuzentzen Jose Luis Arrieta uhartearra ariko da. Helburua, zalantzarik gabe, goian egotea da. Tourreko zenbakiakEkainaren 30ean hasiko da, Liejan, eta uztailaren 22an despedituko da, Parisen. 20 etapa eta atariko etapa jokatuko dira, eta bi egunetan atsedenaldia hartuko dute txirrindulariek. Guztira 3.497 km osatuko dituzte.Tourreko zenbakiak ikusgarriak dira: 9 etapa lau, 4 etapa gorabeheratsu edo menditsu, goi mailako 5 mendi etapa - Alpeetan eta Pirinioetan - eta 2 erlojupeko. Guztira 25 portu gainditu beharko dituzte. Sakandarrak TourreanEgoi Martinez: Bere 9. Tourra izango da. Gorka Verdugo: 7. Tourrari ekinen dio.Pablo Urtasun: Iaz debutatu zuen eta aurten 2. Tourra izango du. Jorge Azanza: 2007ko Tourraren ondotik aurten 2. Tourra eginen du. Imanol Erbiti: Bere 3. Tourra izango daJose Luis Arrieta: Txirrindulari bezala 9 Tour egin zituen. Entrenatzaile bezala bere bigarren Tourra izango da.