Erorketen artean Saganen bigarren garaipena

Guaixe 2012ko uztailaren 4a

Peter Sagan txirrindularia primerako debuta egiten ari da Frantziako Tourrean. Atzoko etapa nahiko laua zen, baina bukaera gaiztokoa, azken txanpan 700 metroko aldapa zuena, %10eko pendizarekin. Gilbert, Evans eta Sagan jotzen ziren faborito, eta azkenean, aurten Tourrean debutatu duen Peter Sagan izan zen azkarrena, Tourrean bere bigarren etapa eskuratuz. Urtasunen erorketaEtapa gorabeheratsua izan zen. Etapa bukaeran 6 kota edo altutxo gainditu izan behar zituzten txirrindulariek. 5 txirrindularik eguneko ihesaldia burutu zuten, baina RadioShack taldeak tropelea martxan jarri zuen ihesaldia zapuzteko. Etapa bukaeran sekulako urduritasuna zuen tropelak: errepide estuak, aurrekoak harrapatzeko ahaleginak... Horren ondorioz zenbait erorketa izan ziren. Tartean Euskalteleko Pablo Urtasun lurrera joan zen 140 kilometroan, buruan kolpea hartuz. Aurrerago beste erorketa potoloa izan zen eta Movistarreko Jose Joaquin Rojasek Tourra utzi behar izan zuen, lepauztaia apurtuta. Ondorioz tropela hiru zatitan banatu zen eta Samuel Sanchezek matxura izan zuen bizikletan, aurreko tropeletik deskolgatuz. Ihes egindakoek minutu bateko aldea zuten eta atzean ahaleginak, aurrekoak harrapatzeko. Horrela, ihes egindakoak helmugarako 15 kilometrora harrapatu eta berriro peleia piztu zen aurrealdean. Helmugarako 6 kilometroren faltan Sylvainek eraso zuen, baina errotonda batean lurrera joan zen. Erorketak Wiggins blokeatu zuen eta aurrean, sekulako ahalegina eginez, Liquigas taldeko Peter Saganek garaipena lortu zuen, Boasson, Velits eta Cancellararen aurrean gailenduz. Forrest Gump filmeko keinuak eginez sartu zen helmugan. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez aurreko tropelean heldu zen, Jorge Azanza,  Imanol Erbiti eta Gorka Verdugo 7 minutu pasara, eta Pablo Urtasun, erorikoa eta gero, 16 minutura. Erorikoa izan eta buruan mina hartu eta gero zehozer txoratuta heldu zen helmugara, etapa bukatzeko egindako esfortzu ikaragarriaren ondoren. Ikusi beharko da nola osatzen den. Sailkapen orokorrean Cancellarak jarraitzen du lider, 7 segundora Wiggins eta Chavanel dituela. Faborito nagusiek aurrean jarraitzen dute. Egoi Martinez sakandar onena da, 48. Postuan, 1:30era, Jorge Azanza 111.a, 8:28ra; Imanol Erbiti 127.a, 9:42era; Gorka Verdugo 184.a, 16:48ra; eta Pablo Urtasun 194.a, 23:11ra. Gaur laugarren etapa dago jokoan, Abbeville eta Ruan artean (214,5). Etapa laua da, esprinterren taldeak kontrolatzen saiatuko direnak tropeleko esprinter izarrek bere aukera izan dezaten.