Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sanferminek, ohi denez, Herri Kirol Jaialdi potoloak ekarriko dituzte. Uztailaren 8tik 14ra bitartean Iruñeko Foruen Plazak herri kirol proba politak hartuko ditu eguerdiro-eguerdiro. Eta, jakina, kirolari sakandarrak lanean ikusiko ditugu. Igandean Nafarroako Binakako Aizkolari Txapelketa egonen da jokoan. Azken urtean Floren Nazabal aritu izan da, baina aurten Etxarrikoa ez da ariko. Donato-Oihan Larretxea, Lopez-Senosiain eta Rekondo-Erasunek dute txapela jokoan. Lehen mailako trontzalari txapelketan ere ez da sakandarrik izango. Aitor Oiarbide harriak jasotzen eta Andra Mari eta Putterri konbinatuanAstelehenean, uztailak 9, harrijasotze erakustaldia izanen da. Aitor Oiarbide etxarriarra eta Josetxo Urrutia leitzarra ariko dira lanean. Kimuen herri kirol proba konbinatuen erakustaldian sakandarrak ikusiko ditugu lanean. Andra Mari ikastola, Putterri talde sakandarra eta Basaburua taldeak lehiatuko dira. Eta, bukatzeko, haurrendako herri proba izanen da. Gabirondo-Galarza eta Satrustegi-Mauleon Nafarroako Kadeteen Trontza TxapelketanAstearteko jaialdian ez dago sakandarrik. XIV. San Fermin motozerra txapelketa eta Kañamares anaien erakustaldia izango dira. Asteazkenean, Emakumezkoen Nafarroako Txinga Txapelketa jokatu eta gero, Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa egonen da jokoan. Lau biko ariko dira, tartean bi sakandarrak: Andra Mari ikastolako Aritz Gabirondo eta Iñigo Galarza iturmendiarrak eta Andra Mariko Gari Satrustegi arbizuarra eta Izai Mauleon etxarriarra. Haiekin batera Berriozarko Oier Kañamares eta Imanol Kañamares eta Basaburua-Baztaneko Eneko Irigoien eta Ekaitz Maritorena lehiatuko dira. 100 zentimetroko enborrari 10 korte egin beharko dizkiote, etzanda. Aritz Goñi Nafarroako 3. Mailako AizkoranOstegun eta ostiralerako antolatutako ekitaldietan - Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketa, aizkora erakustaldiak, Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketa eta beste - ez dago sakandarrik, baina Sanferminetako azken egunean, hurrengo larunbatean, Nafarroako 3. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da. 10 aizkolari ariko dira lehian, tartean Aritz Goñi etxarriarra. Oier Kañamares, Esteban Pikabea, Eneko Saralegi, Angel Eraso, Julen Olano, Joxean Etxeberria, Migel Angel Etxeberria, Martin Telletxea eta Kenari Erasun dira bere aurkariak. Bi kanaerdiko erdibitu beharko ditu bakoitzak.