Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzoko Tourreko etapa esprinterrendako propioa zen. Horregatik, eta bezperan emandako erakustaldiagatik, Sky taldeko Mark Cavendish jotzen zen faborito nagusia. Baina etapa hauetan aurrean egoteko urduritasunak, abiadura handiak eta zorteak sekulako eragina dute. Galde diezaiotela hori Mark Cavendishi. Helmugarako 2,7 km falta zirenean eta tropeleko aurreko aldean esprinterrak ongi kokatzeko peleia zegoenean lurrera erori zen esprinter ingelesa, aurrean zegoen eroriko batengatik. Taldekide baten babesean zihoan, baina ezkutu samarrean, eta ezin izan zuen erorikotik eta montoitik ihes egin ahal izan. Kolpe galanta hartu zuen Man irlako esprinterrak, bai fisikoki, eta ziurrenik baita psikologikoki ere. Zortearen beste aldea Cavendishen arerio Lottoko Andre Greipelek ezagutu zuen. Erraz nagusitu zen Lampreko Alessandro Petachiren aurrean eta Skil Shimano taldeko Tom Veelersen aurrean. Denbora berean sartu zen tropel guztia. Sailkapenean aldaketarik ezAtzoko erorikoak ez du eraginik izan sailkapen orokorrean, helmugara hiru kilometro baino gutxiago falta zirela gertatu zelako erorketa, eta halakoetan galdutako denbora ez baita aintzat hartzen. RadioShackeko Fabian Cancellarak jarraitzen du lider, Sky taldeko Wiggins eta Omegako Chavanel 7 segundora dituela. Faborito guztiak segundo eskasera daude. Sakandarrei dagokionez, Egoi Martinez 48.a da, 1:30era; Jorge Azanza 110.a, 8:28ra; Imanol Erbiti 125.a, 9:42era; Gorka Verdugo 189.a, 21:07ra; eta Pablo Urtasun 192.a, 26:14ra. Ildo honetan, Samuel Sanchez pozik dago taldekideek bere alde egindako lanarekin. "Izugarria da nire taldekideek egin duten lana, eta asko eskertzen diet. Ez sinesteko moduan eraman naute tropelaren aurreko aldean. Gero eta hobeto gaude, eta ilusio handia daukagu mendiko etapetarako" dio lider laranjak. Horretarako, ordea, larunbatera arte itxaron beharko dute. Gaurko etapa, bosgarrena, antzekoa izango da, esprinterrendako prestatutakoa. Ziurrenik aurreko etapen gidoi berdina izango du: ihesaldia, tropelak ihesaldia irenstea eta esprinta. Horretarako Rouen eta Saint Quentin artean 196,5 km osatu beharko dituzte.