Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur kolore gorri eta zurien eztanda izan da Iruñean eta uztailaren 14ra arte sanferminek ez dute etenik. Pilotazaleek izanen dute ere non gozatu. Bihartik aurrera, egunero-egunero, jaialdiak izanen dira Labriten. Sanferminetako Binakako Torneoan Aitor Zubieta izango da ordezkari sakandar bakarra. Etxarriarrak Xala lagun minarekin osatuko du bikoa. Aspeko gainontzeko bikoak Titin III.a-Barriola eta Martinez de Irujo-Merino II.a izango dira, eta Asegarcekoak Olaizola II.a-Apraiz, Berasaluze VIII.a-Albisu eta Bengoetxea VI.a-Begino. Zubieta eta Xala igandean sartuko dira lehian, uztailaren 8an, 17:00etan hasiko den jaialdian. Berasaluze VIII.a eta Albisu izango dituzte arerio. Partida galtzen dutenek Irujo-Merino II.aren kontra aritu beharko dute uztailaren 10ean, asteartean (22:15ean) eta irabazten dutenek ere Irujo-Merino II.aren kontra aritu beharko dute uztailaren 12an, ostegunean (22:15ean). Ezkurdia Marco Real DesafioanAurten oso berezia izango da Marco Real edo Ardoaren Desafioa. Uztailaren 13an jokatuko da, 22:15ean hasita. Desafio honetan hiru partida jarriko dira jokoan, eta 3 partida horietatik 2 irabazten dituen enpresa izango da garaile. Lehen partidan Arretxe II.a Retegi Biren kontra ariko da. Bigarrenean Gonzalez-Laskurainek Berasaluze VII.a eta Aimar Olaizola edo Beroiz izanen ditu arerio. Eta, azken partidan Asegarceko Urrutikoetxearen kontra ariko da, buruz buru, Aspeko Joseba Ezkurdia arbizuarra. Promozioko Buruz Burukoko txapeldunordearendako aukera polita. Horretaz gain, sanferminetako jaialdiak zabaltzen eta ixten dituzten gainontzeko partidatan gainontzeko pilotari sakandarrak lanean ikusi ahal izango ditugu, Zabaleta eta Ezkurdia bera, esaterako. SarrerakSarrerak 15 eta 50 euro arteko prezioa izango dute. Salgai daude honako telefonoetan: 656 799 423 (Asegarce) edo 661 259 009 (Aspe). Labriteko txarteldegian baita ere.