Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkena astelehenean izan zen. Juan Antonio Extremera Apeztegiak zinegotzi kargua eskuratu zuen Etxarri Aranatzen (Bildu 7, NaBai 3 eta PP 1). Aurrekoetan bezala popular nafarren ordezkaritza zabala izan zen udalean. Extremerak galde erreguen txandan itzultzaile bat eskatu zuen. Manuel Campos Araña ordezkatu duen Kitz Mendiola zinegotziak Etxarriren egoera soziolinguistikoa kontuan izanda euskara ikasteko gonbitea egin zion, publikoan zeuden popularren artean barre txikia sortuz. Joxi Bakaikoa alkateak udalaren egoera ekonomikoa aipatu zuen eta legedia beteko zela ziurtatu zion. Aurreko ostegunean, berriz, Uharte Arakilgo (Bildu 5 eta PP 2) Jesus Gonzalez Gonzalezek eta Jose Ramon Roman Rivasek bete zituzten haien karguak. Maiatzaren 30ean Olatzagutian (Bildu 5, PSN 3 eta PP 1) zinegotzi kargua hartu zuen Oscar Alvarez Peonek. Alderdi popularretik azaldu digutenez, zinegotzi bakoitza dagokion herrien gaiez arduratuko da, baina ibarreko gaiak direnean koordinatu eginen dira, "eskualdeko familia eta herritarren bizitza hobetzeko". PPtik ez digute argitu Sakanarako egiturarik sortuko duten.