Tourraren lehendabiziko asteak balantze oso negatiboa utzi du Euskaltel-Euskadi eta Movistarrendako. Erorikoak erorikoen atzetik. Lehen astean ohikoak izaten dira erorikoak, tropelaren abiadura handia delako eta esprinterren taldeak aurrean egon nahi horrekin tropelean sekulako mugimenduak eta urduritasuna egoten direlako. Eta baita, sarritan, ikusleen portaerarengatik eta despisteengatik. Talde laranjak kolore beltza hartu du, atzoko erorikoaren ondoren Samuel Sanchez liderrak agur esan baitio Tourrari. "Esaten nuen egun hauetan garrantzitsuena ez erortzea zela" zihoen asturiarrak, etsita. Nonbait zale batekin txokatu eta gero, Samuel Sanchez lurrera joan zen eta bi txirrindulari erori zitzaizkion gainera, bat Valverde. Jasotzen saiatu baina ezin zuela konturatu zen Sanchez. Eskuan haustura eta lepauztaian kolpe handia zuen. Bere taldekide Egoi Martinez etxarriarra ere lurrera erori zen, baina zorionez jarraitzeko moduan egon zen eta aurrera egin zuen. Valverde, Frank Schleck eta beste hamaika txirrindularik ere lurrean bukatu zuten. Atzoko etapa hasi eta berehala bizikletatik jaitsi zen haien taldekide Gorka Verdugo etxarriarra. Tourreko atariko etapan errotondan erorikoa izan eta gero sufrikario latza pasa du. Gainera, ostiraleko etapan beste eroriko bat izan zuen eta horrek jota utzi zuen etxarriarra. Atariko etapatik aldaka dislokatuta zuela aritu da etxarriarra eta ostiralean hankan zauri ireki izugarria egin eta gero, atzo ezinean hasi eta bizikletatik jaistea erabaki zuen etxarriarrak. Gaur heltzekoa da, Samuel Sanchezekin batera, Loiura. Ostiraleko etapan ere Mikel Astarloza eta Amets Txurruka galdu zituen talde laranjak, erorikoengatik. Hortaz, jota gelditu da Gorka Gerrikagoitiak zuzentzen duen taldea. 5 txirrindularirekin - horietatik 3 sakandar - eta lider gabe geratu da taldea. Hemendik aurrera morala altxatzearekin nahikoa izango dute, eta lider gabe zituzten helburuak aldatu beharko dituzte. Pablo Urtasun urdiaindarra irabaztear egon zen ostegunean, baina ordutik zorigaiztoa besterik ez du pilatu talde laranjak. Jorge Azanza altsasuarrak ere lanean jarraitzen du, eta baita ere atzo Samuel Sanchezekin lurrera erori zen Egoi Martinez etxarriarra. Haiekin batera Gorka Izagirre eta Ruben Perezek eusten diote Tourrari. Animo guztiak beharko dituzte. Erbiti ospitaleanJose Luis Arrieta uhartearrak zuzentzen duen Movistar taldeari ere gauzak ez doazkio batere ongi. Alejandro Valverdek hiru eroriko izan ditu dagoeneko. "Jendea erotuta dago. Batzuek ez dute batere kontrolatzen eta ez dute balazta zapaldu ere egiten. Oso etapa arriskutsua izan da. Ikusi beharko dugu lesioak larriak diren" zihoen atzo Movistarreko liderrak. Tibian puntu bat josi zioten atzo Valverderi Talde nafarrak hiru txirrindulari galdu ditu, Jose Joaquin Rojas, Imanol Erbiti eta Ivan Gutierrez, eta soilik seirekin gelditu da, goi mailako mendi etapetako bezperan. Imanol Erbitik eroriko larria izan zuen ostiralean. Eskuineko hankan zauri larri eta sakona egin zuen, muskulu-masa galtzerainokoa, eta kirofanotik pasa eta gero 48 orduz ingresatuta egon behar izan du.Wiggins lider eta gaur erlojupekoaEtapari dagokionez, Francaise des Jeux taldeko Thibaut Pinotek irabazi zuen atzoko erdi mendiko etapa, helmugara bakarrik iritsita. 26 segundora sartu ziren Cadel Evans eta Tony Gallopin. Ia bost minutura sartu zen Egoi Martinez eta ia 17 minutura Jorge Azanza eta Pablo Urtasun. Sailkapen orokorrean Sky taldeko Bradley Wiggins britainiarrak lidergoari eutsi zion. 10 segundo ateratzen dizkio BMCko Cadel Evans australiarrari eta 16 segundo Vicenzo Nibali italiarrari. Hirurak dira Tourra irabazteko faborito nagusiak. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez 32.a da, 10:05era; Jorge Azanza 78.a, 29:42ra; eta Pablo Urtasun 164.a, 57:09ra. Eta panorama honekin Tourreko lehen erlojupekoa jokatuko da gaur, 41,5 kilometrokoa. Erlojupeko honek diferentzia handiak sortuko ditu txirrindularien artean. Wiggins, Tony Martin eta Cadel Evans dira faboritoak.