Wigginsen ordagoa

Guaixe 2012ko uztailaren 10a

Bihartik aurrera hasiko dira goi mailako mendi etapak Tourrean, baina atzoko erlojupekoan Sky taldeko Bradley Wigginsek jo zuen ordagoari erantzutea oso zail egingo zaie gainontzeko faboritoei. Sekulako erakustaldia eman zuen britainiarrak 41,5 km-ko erlojupekoan, arerioak arri eta zur utzita. Erlojupekoa erraz irabazi zuen Wigginsek, bere taldekide Froomeri 35 segundo eta Cancellarari 57 segundo ateraz. Cadel Evansi 1:43ko denbora eta Tony Martini 2:16 atera zizkion. Alejandro Valverde jota gelditu zen, lau minutu pasa galduaz. Izugarria eta txapela kentzeko modukoa. Sekulako kolpea eman du Wigginsek, Tourra hautsiz. Sailkapen orokorrean lidergoa sendotu du, eta Cadel Evans bigarrenari ia bi minutu ateratzen dizkio (1:53). Hirugarrena bere taldekide Froome da, 2:07ra, eta laugarrena Vincenzo Nibali (2:23ra). Euskaldunen artean Haimar Zubeldia da onena. 6.a da, 3:19ra. Gure txirrindulariei dagokienez, hiru sakandar gelditzen zaizkigu tropelean, hirurak Euskaltel-Euskadikoak. Samuel Sanchez liderra eta beste hiru txirrindulari galdu eta gero, tartean Gorka Verdugo etxarriarra, egun oso gogorra izan zen atzokoa eurendako. Atzoko erlojupekoan Egoi Martinez bost minutu eta 13 segundora sartu zen, Jorge Azanza 5 minutu eta 48 segundora eta Pablo Urtasunek 8 minutu pasa utzi zituen. Sailkapen orokorrean Egoi Martinez 33.a da, 15:18ra; Jorge Azanza 77.a da, 35:30ra; eta Pablo Urtasun 165.a, 1:05:16ra. Verdugo etxeanBestalde, atzo iritsi zen etxera Gorka Verdugo etxarriarra, aldaka dislokatuta eta hankan sekulako zauria dituela. Medikutan eta osatze lanetan aritu beharko da. Nahiz eta oraindik ez konfirmatu, Espainiako Vuelta izan daiteke bere hurrengo egitekoa. Samuel Sanchez liderra ere Euskal Herrian da. Eskuin eskuko hatz bat hautsita du, baina ez lepauztaia. Bilboko klinika batean egingo du osatze prozesua. Joko Olinpikoetan parte hartzea izugarri konplikatu zaio asturiarrari.  Gaur atsedenaldia eta bihar mendiaLehendabiziko asteko etapa azkarrak eta arriskutsuak atzean utzita eta lehen erlojupekoa jokatuta, gaur merezitako atsedenaldia hartuko du tropelak. Gainera bihar Alpeetako goi mailako mendi etapak iritsiko dira. Ikusi beharko da Wiggins nola moldatzen den, baina dagoeneko koska handia ateratzen die gainontzekoei.