Sakandarrak gustura Sanferminetako erakustaldian

Guaixe 2012ko uztailaren 10a

Atzo herri kirol erakustaldi polita izan zen Iruñean. Ohikoa denez, Foruen plazak eguerdiro herri kirol ekitaldiak hartzen ditu sanferminetan. Atzo harri-jasotze erakustaldia egin zuten Sakanako aizkora eskolan prestatzen den Aitor Oiarbide gazte etxarriarrak eta Josetxo Urrutiak. Harri ezberdinekin lanean aritu ziren biak. Ondoren kimuen mailako herri kirol proba konbinatuaren txanda heldu zen, eta sakandar ugari aritu ziren lanean Andra Mari ikastolako taldean eta ikastola bereko Putterri taldean. Basaburua izan zen parte hartu zuen hirugarren taldea. Eta, bukatzeko, ekitaldia jarraitzera hurbildu ziren ikusleak ere proba konbinatuan aritzera animatu ziren. Gaur 14. San Fermin Motozerra txapelketa jokatuko da eta Kañamares anaiek erakustaldia eginen dute zerratokiekin. Enborra aitzurrarekin erdibitzen saiatuko dira. Bihar trontzaBihar Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa egonen da jokoan. Lau biko ariko dira, tartean bi sakandarrak: Andra Mari ikastolako Aritz Gabirondo eta Iñigo Galarza iturmendiarrak eta Andra Mariko Gari Satrustegi arbizuarra eta Izai Mauleon etxarriarra. Haiekin batera Berriozarko Oier Kañamares eta Imanol Kañamares eta Basaburua-Baztaneko Eneko Irigoien eta Ekaitz Maritorena lehiatuko dira. 100 zentimetroko enborrari 10 korte egin beharko dizkiote, etzanda.