Gobernuak baso-suteei aurre hartzeko neurriak ezarri ditu

Guaixe 2012ko uztailaren 12a

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak gaur zabaldu du lurzoru urbaniza ezinean suaren erabilera arautzen duen Foru Agindua. Uda partean baso-suteak eragozteko asmoa du ekimenak. Horren arabera, Nafarroa osoan debekatuta dago edozertarako sua erabiltzea mendian edo basoan. Horrekin batera, debekatuta dago baso aprobetxamenduen edo oihangintzako tratamenduen ondorioz sortutako hondarrak erretzea (txipudietako arraseko hondarren erretzea eta arrazoi fitosanitarioko egoerak salbu). Sua egiteko debekua ere nekazaritzako lehorreko lurretara zabaldu du gobernuak. Baita erretzen ari den edo sute bat sortzeko ahalmena duen edozer botatzea edo uztea ere debekatu du gobernuak. Sakanan, eta Nafarroako iparraldean, sua aisialdirako helburuetarako erabili daiteke, beti ere, horretarako egokitutako tokietan.