Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko batzarrak garagarzaroaren 26an onartu zuen 2012-2015 plan estrategikoa. Eskualde ikuspegia hartuta ondu da plan estrategikoa. Ekarpenak, batez ere, Sakanako Mankomunitateko langileek egin dituzte, baina baita udaletakoek, gizarte eragileek eta sakandarrek ere. 9 arlotan planifikatu dira zein ekintza egin, Mank-ek eskaintzen duen zerbitzua gero eta hobea izan dadin. Ura Aurreko planarekin uraren ziklo integrala martxan jarri zen. Hau da, Urdalurko uharkatik etxeetarainoko kudeaketa guztia Mank-en esku gelditu zen. 7 udal daude zerbitzu integral horren barruan: Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutia. Plan estrategikoan jaso denez, uraren zerbitzu integral horretan ez dauden udalekin bilerak eginen ditu Mank-ek zer eskaintzen den jakin dezaten. Hurrengo urteetan ere udalen beheko ur hornidura sareak eta azpiegiturak zein egoeratan dauden aztertuko da. Eta horrela egin beharreko inbertsioak zein izanen diren zehaztuko da. Planean jaso denez, Urdalurko uharkatik herrietara eramandako ur metro kubikoak eta bajan fakturatutakoaren kontrol zehatza eginen da. Horrela, matxurak eta bestelakoak atzematea espero da. Azkenik, zerbitzuaren helburuak definitu eta indarrean jarriko dituzte estrategia, erabiltzaileak, epeak, kostuak, kalitatea, arduraduna eta jarraipena kontuan izanik. HondakinakHondakinen gaikako bilketaren eta ingurumenarekiko errespetuaren inguruan sakandarrek kontzientzia hartzeko kanpaina gehiago eginen ditu Mankomunitateak. Aldi berean, udalei, erabiltzaileei eta ikastetxeei zuzendutako komunikazio plana martxan jarriko du. Horrekin batera, etxeko konpostatzea ugaritzeko ekimenak sustatuko ditu Mank-ek. Eta, azkenik, hondakinak atez ate biltzeko sistema ezarriko du. Euskara Zerbitzu horrek udaletan euskarak duen egoeraren diagnosia eta erabilera planak eginen ditu. Udaletako langileen esku Idazlagun hizkuntza aholkularitza zerbitzua jarriko du gainera. Euskara Zerbitzuak udaletan hizkuntza irizpideak ere zehaztuko ditu. Gainera, Euskara Zerbitzuaren erabiltzaile diren erakundeen datu basea osatuko da. Bestalde, teknikariek Udaltop kongresuan parte hartuko dute. Ibarrean euskarak duen errealitate soziolinguistikoaren inguruko datu gehiago lortzeko lan eginen du Mank-ek 2012-2015 aldian. Erakundearen Itzulpen Zerbitzuaren araudia eguneratuko da eta, azkenik, Euskara Zerbitzuaren kudeaketa eredua Hausnartu sarietara aurkeztuko da. KirolaZerbitzua hobetzeko udalekin aliantzak eginen ditu Mank-ek. Berariazko Lan Taldearen bidez programa parte-hartzaile bat sustatuko du Kirol Zerbitzuak. Aldi berean, Lekunberri-Larraun aldeko Kirol Mankomunitatearekin elkarlana mantenduko du. Aurreikusitakoen artean ere adinduei, emakumeei, gazteei eta ezgaituei zuzendutako eskaintza izanen da. Kirolean euskararen erabilera sustatzeari ere arreta berezia jarriko dio Mank-ek. Azkenik, udalek, teknikariek eta erabiltzaileek Kirol Zerbitzuaren inguruko balorazioak jasoko dituzte. ImmigrazioaZerbitzuarekin batera lan eginen duen Immigrazio Batzordea osatuko da. Bere araudia Mank-en azken batzarrean onartu zen. Kultur artekotasunaren inguruan prestakuntza emanen da eta zerbitzura beste langile bat, bitartekari bat gehitzea aurreikusi da. Kultur artekotasuna lantzen duten beste erakundeekin esperientziak trukatzeko asmoa ere badu Mank-ek. Horrekin batera, Immigrazioa Zerbitzua erakundeko beste zerbitzu batzuekin koordinatzea indartuko da, esaterako, Euskara eta Kirol Zerbitzuekin. Sakanako udalekin immigrazioari buruzko koordinazio lana hasi eta sendotu egin nahi da hurrengo urteetan. Etxeak zaharberritzeko bulegoaSakanako Mankomunitatearen helburua da hurrengo urteetan zerbitzu hori indartzea. Horretarako, besteak beste, sakandarrei zerbitzuari buruzko informazio gehiago ematen saiatuko da. Bestalde, ibarreko udalekin batera aztertuko da zerbitzu horrek hirigintza aholkularitza gisa aritzeko aukera. KalitateaKudeaketa sisteman EFQM eredu europarra aplikatzen jarraituko du Sakanako Mankomunitateak. Aurtengo helburua zigilu horren 500 puntutik gora eta horri dagokion saria eskuratu nahi du. 2015erako erronka 600 puntuak lortzea da. Bi ikuspegi gehiagoSakanako Mankomunitateak hurrengo urteetan ibarreko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru Mankomunitateak batzeko lan eginen du. "Gure ustez, hirurak batzeak eta elkartzeak aukera emanen liguke baliabideak optimizatzeko, zerbitzu horiei eskualdearen ikuspegia emateko eta horien kudeaketa hobetzeko".Bestetik, Tokian tokiko garapenaren arloan helburu nagusia Sakanako Garapen Agentzia sortzea da. "Agentziaren xedea izanen da eskualdeko ekonomia-ehuna suspertzea ahalbidetzen duten proiektuak bultzatzea, gure herrietan kalitatezko turismo arduratsua bultzatzea eta, azken finean, garapen iraunkorrari laguntzea".