Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak Sakanako Garapen Agentzia SL enpresa sortu du aurten eta agorrilaren 1ean hasiko da martxan. Aitor Karasatorre Muguruza Mank-eko presidenteak jakinarazi digunez, garapen teknikaria kontratatzeko probak egin dira eta Iker Manterola hasiko da lanean. "Bere egitekoak Sakanako Garapen Agentziaren 2013ko plangintza egitea izanen da. Horrekin batera, agentziak aurrera egiteko bideragarritasun ekonomikoa landu beharko du, jakinda Nafarroako Gobernuak diru-laguntzarik ez duela emanen", azaldu digu Karasatorrek. Mank-ek agentziarako 60.000 euroko poltsa du aurten. Laguntzarik ezIbarreko erakundeak bi garapen teknikarik lan egitea nahi zuen eta, horregatik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari bi langile kontratatzeko diru-laguntza eskatu zion. Mank-ek 59.928,5 euro bideratu behar zituen kontratatzioetarako eta 47.942,8 euroko laguntza eskatu zuen. Nafarroako Gobernuak garapen teknikariak kontratatzeko diru-sailean 400.000 euro inguruko murrizketa egin zuen lehenik eta, ondoren, Sakanako Mankomunitatearen laguntza eskaera ukatu egin zuen, "bere udal dimentsioagatik eta Cederna-Garalurren eremukoa delako". Garalurri ere beste kontratazio baterako diru-laguntza ere ukatu zion gobernuak. Aurreko astean, idatziz, argibide eske jo zuen Mank-ek Lourdes Goikoetxea kontseilariarengana, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Agentziako Administrazio KontseiluaAitor Karasatorre Mugurutza, Mankomunitateko burua eta ibarreko erakundean batzarkide diren Gurutze Rodríguez Armendariz, Patxi Goikoetxea Arbizu, Santiaga Luzeño Arias, Ruben Goñi Urroz, Rafael Etxeberria Pellejero, Asun Fernandez Garaialde Lazkano, Garazi Urrestarazu eta Gorka Ovejero.