Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Ines Del Rio presoaren abokatuek jarritako helegitea onartu zuten. Bestela esanda, Espainiako auzitegiek euskal presoei zigorra luzatzeko erabiltzen duten 197/2006 doktrina atzera bota du. Europako auzitegiak Espainiari esan dio doktrinak giza eskubideak urratzen dituela. Estrasburgoko epaian irakur daitekeenez, "tribunal nazionalek ezin dituzte delitua egin ondorengo lege aldaketak aplikatu, atzera eraginkortasunez eta pertsonen kalterako direnean". Espainian 2006tik legean presoendako jasotako onurak aplikatzeko modua aldatu zuten eta hala espetxealdia luzatu diete askori. Etxerat-ek doktrina aplikatu zaien presoak "berehala" askatzeko "exijitu" du. Herrira mugimenduak, bestalde, "eskubideak errespetatuz bakera hurbiltzeko aukera itzela" eman dio Estrasburgok Madrilgo Gobernuari. 80 bat presori aplikatu zaie doktrina eta horien artean daude Jesus Mari Mendinueta Flores, Bautista Barandalla Iriarte eta Unai Parot Navarro. Arbizuarra 1991n espetxeratu zuten eta 2011ko maiatzako 4rako zuen irteera data. Doktrina aplikatuta espetxetik 2021ean aterako da. Epaitegi Konstituzionalak ez du oraindik Doktrinaren etenduraz ebatzi. Etxarriarra 1990ean espetxeratu zuten eta 2009ko garagarrilaren 30erako zuen irteera data. Doktrina ezarri eta 2020ra arte luzatu zigorra. Bere gaixotasuna dela eta 2009an kaleratu zuten, kontrol neurriekin etxean dago. Aurten Epaitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Doktrinaren etendura eskaria. Azkenik, Parot 1990ean espetxeratu zuten eta doktrina irteera data zehaztu aurretik ezarri zioten. Duela 6 urte 197/2006 doktrina ezarri zioten aurreneko presoa izan zen Parot eta bere abizenarekin ere ezagutarazi zuten.