Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo goi mailako mendi etapa hartu zuen Tourrak. Munduko lasterketa inportanteena Alpeetara iritsi zen. Erasoaldiak eta ikuskizuna espero ziren, eta hala gertatu zen. Dena den, Bradley Wiggins liderraren Sky taldeak primeran erantzun zien eraso guztiei. Etapa potoloa zen atzokoa. 2. mailako Carlier pasatuta kategoria bereziko Grand mendatea itzo beharra zuten, segidan 3. mailako Richemond gainditu eta etapa Bellegarde sur Valserinen despeditzeko. Erasoak bata bestearen atzetik gertatu ziren, baina tropelaren abiadura azkarrak ez zuen utzi ihesaldi eraginkorrik sortzen. 25 txirrindulariko talde batek aurrera egitea lortu zuen azkenean, baina mendiak bakoitza bere tokian jarri zuen eta soilik bostek jokatu zuten etapa garaipena. Boskotearen artean Europcar taldeko Thomas Voeckler izan zen azkarrena, Scarponi, Jens Voigt, Luis Leon Sancheze eta Devenynsen aurretik. Egoi Martinez, lehiakorraAipatzekoa da Euskaltel-Euskadiko Egoi Martinezek egindako lana. Ihesaldian sartu zen eta aurreko postuetan egon zen. Tamalez Le Grand Colombier mendatean ezin izan zuen indartsuenekin jarraitu, arestian aipatu dugun boskotearekin. Ahituta gelditu zen eta erritmo normalean segitzea erabaki zuen. LE Grand Colombier minutu batera gainditu zuen, beste lau txirrindularirekin batera, eta ematen zuen aurreko boskotea harrapatzeko moduan egongo zela, sekulako borroka egin baitzuen etxarriarrak. Baina ezinezkoa izan zen eta helmugara bigarren taldetxokoan sartu zen. Meritu handiko 7. Postuan sartu zen, 2:44ra. Etapa bukaeran kontentu zegoen etxarriarra. "Oso zaila izan da tropeletik ihes egitea, eta, behin lortuta, are zailagoa etapa irabazteko lehiatzea. Oso txirrindulari onak zeuden artean. Dena den, saiatzen jarraituko dugu indarra geratzen zaigun bitartean, etapa bat nahi dugu eta" adierazi zuen bukaeran. Taldekideen lana goraipatu zuen. "Oso ongi lan egin dute nik aurrera egiteko. Gure lana orain ihesaldietan egotea eta etapa garaipenen bat lortzea da, eta ahal dugun hobekien eginen dugu. Behin eta berriz saiatuko gara" gaineratu zuen. Bestalde, Bradley Wiggins liderraren Sky taldeak bikain egin zuen lan eta faboritoak kontrolpean izan zituen. Wigginsek jarraitzen du lider, 1:53era Cadel Evans eta 2:07ra bere taldekide Christopher Froome duela. Atzoko etapa bikainaren ondoren Egoi Martinez 24. Postuan dago, 14:46ra; Jorge Azanza 93.a da, 59:41era; eta Pablo Urtasun 166.a, 1:33:55ra. GaurkoaGaur Alpeetako bigarren etapari ekingo diote txirrindulariek. Albertville eta La Toussuire arteko 148 km-ak gainditu beharko dituzte, lau portu izugarriekin: kategoria bereziko Madeleine eta Croix de Fer mendateak igo eta gero 2. mailako Mollard gainditu beharko dute. Etapa lehen mailako La Toussuire gainean despedituko da.