Murrizketen kontra mobilizatzera deitu dute

Guaixe 2012ko uztailaren 16a

Bihar, 11:00etan, Altsasuko enplegu bulegoaren aurrean. Etzi, 19:00etan, herri guztietako plazetan kontzentrazio zaratatsuak, kazolekin hotsa atereazEuskal gehiengo sindikalak eta hainbat arlotako gizarte eragileek murrizketen aurka mobilizatzera deitu dute bihar eta etzi, PPk onartu dituen murrizketen berriak salatzeko. Herritarrentzat pobrezia, bankarentzat dirua. Murrizketarik ez! leloa izanen dute mobilizazioek. Espainiako Gobernuak onartu duen murrizketa "azken urteotako murrizketa sozialik handiena" dela salatu dute. Eta hainbat ondorio nabarmendu dituzte: herritar gehienen diru sarrerak txikitzea (langabeen sariak, pentsioak, mendekotasunezko prestazioak eta administrazio publikoetako langileon soldatak) edota BEZa igoz produktuak garestitzea. Enpresen etekinak handitzeko kotizazio sozialak jaistea salatu dute. Herritarrei dirua kendu eta 100.000 miloi euro bankuei ematen zaiela salatu dute sindikatu eta gizarte eragileek: "Politika hau bidegabea eta inmorala da eta horregatik errefusatu egiten dugu". Espainiako Gobernuaren politikek gizartea "pobretu" egiten duela eta "krisiaren sorreran zerikusirik izan ez dutenei ordainarazten" zaiela salatu dute. Bi egunetako mobilizazioen antolatzaileek salatu dutenez, "errentaren alde batetik besterako aldaketa itzela ematen ari da. Gutxi batzuen eskuetara bideratzen ari da errentaren kopuru itzela. Arpilatze honek aginte politiko, ekonomiko eta finantzakoaren ados jartzetik dator". Deitzaileek nabarmendu dute "alternatiba errealak egon badaudela. Borondatea politikoa badago bestelako neurriak aplikatu litezke. Krisiaren bidezko irteerara murrizketen ez aplikazioan eta zerga zein politika sozialean aldaketa batean dago". Hego Euskal Herriko erakundeei dei egin diete Espainiako Gobernuaren murrizketak hemen ez aplikatzeko eskatuz.