Gonzalez eta Pelaez ongi Ehunmilak ultratrailean

Guaixe 2012ko uztailaren 18a

Asteburuan III. Ehunmilak ultratrail gogorra hartu du Beasainek. 187 korrikalari atera ziren ostiral arratsaldean Aralar eta Aizkorriko paraje naturaletan barna prestatutako 168 km-ak egiteko prest. Txindoki (1.346 m), Ganbo (1.402 m), Aizkorri (1.528 m), Erlo (1.026 m), Izaspi (967 m) eta Ernio (1.075 m) mendi tontorrak gainditzea zen kontua, guztira 11.000 m-ko desnibela duen proba osatuz. Eguraldiak, beste behin, are gehiago gogortu zuen proba. Eguraldi txarragatik - euria, hotza, lainoa, lohia, elurra eta beste - antolakuntzak Txindokiko gaina kentzea erabaki zuen, proba kilometro eta erdi laburtuz. Euriagatik irristaketak, erorketak eta beste saihestu nahi ziren. Probaren gogortasunaren isla, 75 korrikalari erretiratu egin ziren eta 112 korrikalari iritsi ziren helmugara. Aitor Leal izan zen azkarrena, 24 ordu baino lehenago 168 km-ak osatuz (23:26:55). Ordu erdi luze atera zion Imanol Aleson bigarrenari (24:05:35). Emakumezkoetan Xari Adrian izan zen azkarrena (30:55:11). Sakandarrei dagokienez Javier Ignacio Gonzalez altsasuarra 70.a iritsi zen helmugara, ia 42 ordu korrikan eman eta gero (41:49:01). Jone Pelaez korrikalari altsasuarrak ere helmugara heltzea lortu zuen, 43 ordu eta erdi lanean eman eta gero (43:33:46). Probako 5. emakumea izan zen. Lan bikaina, zalantzarik gabe. Sakandarrak III. Goierriko Bi handitanEhunmilak ultratrailarekin batera ibilbide motzagoko lasterketa jokatu zen, III. Goierriko Bi Handiak (88 km) eta Ehunmilak ultratrailaren ibilbidearen zati bat osatzen zuena. Javi Dominguez izan zen azkarrena (10:52:29). Aipatzekoa da Aritz Munarriz etxarriarra 88.a izan zela (16:33:58) eta Juantxo Arregi altsasuarra 97.a (16:54:52). Fernando Igoa etxarriarra erretiratu egin behar izan zen. Irteera hartu zuten 271 korrikalarietatik 196 helmugaratu ziren.