Tourmalet, Aubisque, Aspin eta Peyre Sourd, euskal zaleez beteta

Guaixe 2012ko uztailaren 18a

Atzoko eguna atsedena hartzeko baliatu zuten Frantziako Tourrean ari diren txirrindulariek. Hala ere, giro lasaia aztoratuta geratu zen Frank Schlecken positiboa konfirmatu zenean. Sobera, uztailaren 14an eginiko kontrolean eman du positiboa Schleck anaietan helduena denak, diuretiko bat hartzeagatik, Xipamide. Hipertentsioarendako eta edemak sendatzeko botika da Xipamide. Taldeak itzulitik kanpo utzi du baina UCIk ez dio, momentuz, zigorrik jarriko, botika arrunta delako. Gaur Pirinioetako etapa erregina hartuko du Tourrak. Etapa gogorra da, Poben hasi eta Bagnéres - de-Luchonen despedituko dena. Kategoria bereziko bi portu - Col d´Aubisque eta Col d´Tourmalet mitikoak - eta lehen mailako col d´Aspin eta Col de Peyre Sourde gainditu beharko dituzte txirrindulariek, 197 km-ko etapa izugarrian. Sailkapen orokorrean Bradley Wigginsek jarraitzen du lider, bere taldekide Christopher Froome 2:05era eta Vincenzo Nibali 2:23ra dituela. Egoi Martinez 18.a da, 18:04ra; Jorge Azanza 87.a, 1:45:03ra; eta Pablo Urtasun 146.a, 2:29:09ra. Uholde laranjaTourmalet, Aubisque, Aspin eta Peyre Sourden euskal zaleen presentzia handia espero da. Gainera, ESAITek antolatutako ekitaldiek eta euskal txokoak ere giroa berotuko dute. Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariek euren alde eginen duen uholde laranja espero du. Izan ere, zaleen babesak uste baino eragin handiagoa dauka. "Honutza gerturatu, eta ezpondak zalez beteta ikusi, ikurriñekin eta kamiseta laranjekin... etxean egotea bezala da. Gure zaleen aurrean korritzen dugu" dio Egoi Martinez etxarriarrak gaur Gara egunkarian egindako elkarrizketan. Egoi Martinezek behetik gora egin du aurtengo Tourrean. "Nire ibilbideko Tourrik onena da, eta 34 urterekin disfrutatzen ari naiz. Oso kontentu nago. Liderra eta hiru txirrindulari galtzearen zorigaiztoaren ondoren txipa aldatu behar izan genuen eta etapa lortzeko borrokatzen gaude, eta gauza handiak lortzeko gertu gaude" dio etxarriarrak. Berak hartu du taldearen burutza. Pirinioetan etxean bezala arituko direla gaineratu du. "Gure helburua Alpeetan egindakoa errepikatzea da, protagonistak izatea eta mailari eustea. Kontziente gara dugun taldearekin Pirinioetan irabaztea zaila dugula, baina saiatu behar gara. Gure zaleen aurrean ariko gara, sortzen den giroak plus bat ematen digu eta dena emango dugu" azaldu du Egoik. Gaur erasoa jotzen eta aurrera egiten saiatuko dira Euskaltelekoak. Pablo Urtasunek eta Jorge Azanzak ere lan handia egin beharko dute hori gauzatzeko. Ea zortea duten. Gaur asko izanen dira telebistaren aurrean, internetez edo irratiz Tourreko etapa ikusgarri hau jarraituko dutenak. Ea gure txirrindulariek historia egiten duten.