Murrizketen kontra protestan

Guaixe 2012ko uztailaren 18a

Atzo enplegu bulegoaren aurrean makina bat pertsona bildu ziren. Geuskal gehiengo sindikalak eta makina bat eragilek egindako deialdia izan zen. Bankariendako dirua, herritarrondako probrezia. Murrizketarik ez! lelo izan zuen kontzentrazioak. Beleixe Irratian (FM 107,3) izan ziren Gorka Vierge (ELA) eta Gaizka Uharte (LAB). Uhartek azaldu duenez, "Rajoyk ostiralero hartzen ari den neurriei ahalik eta azkarren erantzuteko" egin zen  atzokoan kontzentrazioa. LABeko kideak esan zuenez, atzokoa "aurreneko kontaktua" izan zen, "etorriko zaizkigun murrizketa guztiei erantzuna antolatzeko eta kapitalaren alde hartzen ari diren neurri hauei guztiei ezetz esateko". Deialdiak izandako erantzunez galdetuta, Viergek esan zuenez, "jendea asaldatuta dago. Gero eta eraso gehiago ikusten ari da. Eta gero eta bortitzagoak dira". ELAko kideak jendea protesta egitera deitu zuen: "ez bagara gaur mugitzen, agian bihar ez dugu aukerarik izango. Ongizate estatua dena itxita egonen baita". Jende askok erantzun beharra ikusten duela eta halako ekitaldiak horrelako erantzun ona izatea nabarmendu zuen. Uhartek murrizketa gehiago izanen direla aurreratu zuen eta udan izanda ere, "gizartean  murrizketei erantzuteko nahia" badagoela nabarmendu zuen. "Erasoen tamainako erantzuna eman beharko dugu" esan zuen Viergek. Sindikatuen aldetik ekimen "potenteak" iragarri zituen, erasoen aurrean jendartearen mobilizazioa ezinbestekotzat jo zuen Viergek.