Tourra: eskerrik asko euskal zaleei

Guaixe 2012ko uztailaren 19a

Euskaltel-Euskadi taldeko Gorka Izagirrek Pirinioetako mendateak betetzen zituzten euskal zaleak izan zituen gogoan etapa bukatu bezain pronto. Atzo ere ahalegin handia egin zuen talde laranjak etapa irabazteko egunero-egunero daramaten borroka horretan, baina ezinezkoa izan zen, Thomas Voecklerrek emandako erakustaldiarengatik. Hala ere aurrean izan ziren Euskaltelekoak, Aubisque, Tourmalet, Aspin eta Peyre Sourde mendateetako errepidetako ezpondak betetzen zituzten euskal zaleak ematen zizkieten etengabeko animuak lagun zituztela. "Kolore laranjaz jantzirik egon dira mendateak, eta sekulakoa izan da. Euskal afizioari eskerrak eman besterik ez zait geratzen. Pozik nago nire lanarekin. Taldekideek ere maila bikaina eman dute eta taldean egin dugu lan. Azanzak Tourmaleta baino lehen lan handia egin du, eta Egoi Martinezek zer esanik ez. Beste egunetak oihesaldietan ere Ruben Perez eta Pablo Urtasun sartu izan zira. Guztiak bat gara eta hori argi ikusten da". Atzoko etapak eman zuenaEgoi Martinez, Gorka Izagirre eta Jorge Azanza eguneko ihesaldian sartu ziren. 38 txirrindulari ziren guztira, eta elkarrekin igo zuten Aubisque, eguneko lehen mendatea. Sekulako berotzarra zegoen, eta horrek eragin handia izan zuen. Aldiz, Tourmaleterako igoerari ekin bezain pronto taldea murriztuz joan zen. Brice Feilluk erasorik indartsuena jo zuen, eta soilik Thomas Voecklerrek jarraitu izan ahal zion. Aipatzekoa da frantziarra aktore bikaina dela: ezinean zegoenaren plantak egin zituen etapa hasieran, sekulako keinu eta imintzioekin, baina primeran zegoela ikusi ahal izan zen. Txirrindulari laranjei dagokienez, Azanza izan zen atzean geratzen lehena eta hasieran Gorka Izagirre Egoi Martinezentzat aritu zen lanean, etxarriarrak sailkapen nagusian postu batzuk aurreratzeko aukera izan zezan. Baina azken bi mendateetan, Aspin eta Peyre Sourden, Egoi ezinean geratu zen eta orduan Gorka Izagirrek aurrera egin zuen, sekulako lana eginez. Thomas Voeckler izan zen etapako garailea, erasoa jo eta Bagnéres de Luchonen bakarrik azaldu eta gero. Mendiko maillota ere eskuratu zuen frantziarrak. 1:40ra sartu zen Sorensen eta 3:22ra Gorka Izagirre laranja. Faboritoei dagokienez Liquigasek erritmoa azkartu zuen Vincenzo Nibaliren alde egiteko, eta nahiz eta Sky taldeko Wiggins liderra eta Christopher Froome bigarrenak bikain erantzun, Cadel Evans ezinean ibili zen, ia bost minutu galduz. Egoi Martinez 10 minutu pasara sartu zen eta Pablo Urtasun ia 12 minutura. Hortaz sailkapen orokorrean Wigginsek jarraitzen du lider, 2:05era Froome taldekidea eta 2:23ra Nibali dituela. Laugarrena da Cadel Evans 7. postura jaitsi da. Aldiz, Haimar Zubeldiak sekulako etapa egin zuen eta horri esker sailkapenean 5. postura igo da. Eta aipatzekoa da Egoi Martinezek 18. postuan jarraitzen duela, baina orain 21:41era. Gaur azken aukeraEtapa garaipena lortzeko azken aukera gaur dute Euskaltelekoek. Pirinioetako goi mendiko beste etapa bat dago jokoan, 143 kilometro t´erdikoa. Bagnères-de-Luchon-en hasi eta lehen mailako col de Mente, 2. mailako Col des Ares eta 3. mailako Cote de Burs pasa eta gero, kategoria bereziko Port de Balés portu gogorra gainditu eta gero, lehen mailako Peyragudes gainean despedituko da etapa. Ziurrenik talde laranjak ahalegin guztiak egingo ditu, euskal zaleak lagun. Bihar etapa laua dago jokoan, esprinter eta ihesaldietarako aproposa, larunbatean Tourreko bigarren erlojupekoa, eta igandean azken etapa, Pariseko Champs-Élyséees famatuetan jokatuko dena.