Sekulako Tourra egiten ari dira sakandarrak

Guaixe 2012ko uztailaren 20a

Igandean despedituko da Tourra. Gaur etapa laua dago jokoan, ziurrenik esprinterrek baliatuko dutena. Bihar Tourreko bigarren erlojupekoa jokatuko da, 53 km-koa - askorendako gehiegizkoa aurtengo Tourrak bi erlojupeko potolo izatea - , eta igandean Champs Élysées-eko azkeneko etapa, tropeleko gizon azkarrenetarako. Froome Wiggins baino hobeAtzo Pirinioetako bigarren goi mailako etapa jokatu zen, lehen mailako Peyragudes gainean despeditu zena. Etapa ikusgarria, hau ere. Euskalteleko txirrindulariak bikain aritu ziren, beste behin. Lehen mendatean Alejandro Valverdek ihes egin zuen, beste hainbat txirrindularirekin batera. Tartean ziren Euskalteleko Egoi Martinez, Jorge Azanza eta Gorka Izagirre. Azken bi hauek denbora dezente egin zuten aurrean, baina mendate gogorrek bere tokian jarri zituen. Etapak aurre egin ahala, zin izan zioten Valverderen erritmoari jarraitu. Egoi Martinezek, aldiz, eutsi egin zion ahal izan zuen bitartean, baina etsi beste erremediorik ez zuen izan. Denbora askoan bigarrena izan zen etxarriarra, baina, amaieran, tropelak irentsi zuen. Dena den, borrokarako jarrera bikaina izan zuten txirrindulari laranjek. Eta ez dago esan beharra Pirinioak laranjaz koloreztatzen zituzten zaleen babesa eta animuak jaso zituztela. Valverdek lehen mailako Peyragudes gainera bakarrik iristea lortu zuen, baina Sky taldeari eskertu beharko dio garaipena. Izan ere atzetik segika zituen Sky taldeko Bradley Wiggins liderra eta sailkapenean bigarrena den Sky taldeko Christoper Froome. Une batean Wiggins atzean gelditzeko arriskuan izan zen, eta nahiz eta Froome bikain egon, taldearen aginduak jarraitu eta Wigginsen alboan geratu zen. 19 segundora sartu ziren biak, Valverderi etapa oparituta.  Froomek atzera begiratu eta  Wiggins atzean ikusi eta bera zain egotea izan zen atzoko irudietako bat. Argi dago Froome sasoi betean dagoela eta akaso Tourra irabazteko gai izango zela, baina Sky taldearen aginduak betetzen ari da Wiggins liderraren alde. Euskaltelekoak kontentuEgoi Martinez 25.a izan zen helmugan, 4:10era. Etapa bukatuta konforme zegoen egindakoarekin. "Taldean oso harro gaude egin dugun Tourrarengatik. Lehen astetik bost txirrindulari besterik ez gaude, eta hori nabaritu egiten da. Dena den, ihesaldi onak harrapatu ditugu. Pena da gorka Izagirrek eta nik sentsazio onak egun berean eduki ez izana" adierazi zuen etxarriarrak. Jorge Azanza 16 minutura sartu zen eta Pablo Urtasun  ordu erdira. Ondorioz, argi esan dezakegu Tourrean jarraitzen duten hiru sakandar laranjek, Egoi Martinezek, Pablo Urtasunek eta Jorge Azanzak, sekulako lana egiten ari direla. Samuel Sanchez liderra eta beste hiru txirrindulari, tartean Gorka Verdugo etxarriarra galdu eta gero, egunero-egunero etapa garaipen bat lortzeko peleian egon dira, eta ia egunero aurrean ikusi ditugu, eguneko ihesaldietan sartuta. Euskal zaleei eskerrakBadirudi euskal zaleen babesa oxigenoa dela txirrindulariendako. "Kontziente gara dugun taldearekin Pirinioetan irabaztea zaila dugula, baina saiatu behar gara. Gure zaleen aurrean ariko gara, euskaldunek sortzen duten giroak plus bat ematen digu eta dena emango dugu" azaldu zuen Egoik Pirinioetako etapak hasi baino lehen. Eta saiatu dira, gogoz gainera. Hain zuzen ere, Egoi Martinezek hartu du, nolabait, taldearen lidergoa. Behetik gora egin du etxarriarrak eta "bere ibilbideko Tourrik onena izaten ari dela" aipatu du. Aurreko ostiraleko etapan, Alpeetan, hirugarrena izan zen etxarriarra sekulako erakustaldia emanda. Eta ia egunero aurrean egon da. Jorge Azanza eta Pablo Urtasunek ere lortu dute ihesaldietan sartzea, eta Egoi Martinezen eta Gorka Izagirreren alde sekulako talde lana egiteaz gain, aurrean izan dira. Martinez ez bada Izagirre, egunero erasoan. AkaboAtzoko etapa jokatuta, Sky taldeko Bradley Wigginsek jarraitzen du lider, 2:05era Froome taldekidea eta 2:41era Nibali zituela. Haimar Zubeldiak bi postu galdu ditu - atzo egun txarra izan zuen eta Klodenek ez ziola lagundu argi geratu zen - eta 7.a da. Egoi Martinezek postu bat egin du gora eta 17.a da, 25:32ra. Jorge Azanza 74.a da, 2:08:58ra, eta Pablo Urtasun 127.a, 3:04:34ra. Gaur 222 km pasako etapa laua dago jokoan, ihesaldietarako aproposa. Eta bihar Tourreko bigarren erlojupeko luzea, 53 km-koa. Wiggins da etapa irabazteko faboritoetako bat, lehen erlojupekoan eman zuen erakustaldia ikusita. Bere taldekide Froomek ere maila polita eman zuen aurrekoan. Dena den, Froomek Wigginsendako lan egiten duenez, igandean Parisen despedituko den Tourrerako ez da aldaketa handirik espero.