Eskorga kronoeskalada Irurtzunen

Guaixe 2012ko uztailaren 20a

Irurtzungo festetako klasikoan bilakatu da Eskorga krono-igoera. Gernika plazatik Kultur Etxeraino dagoen 30 metro inguruko malda edo gainbehera ikaragarrian jendetza pilatu ohi da, orga igoeran parte hartzen duten bikoen ahaleginak ikusteko. Igandean jokatuko da eskorga kronoeskalada, 19:00etan hasita. Aurten, gainera, Djembe taldeak girotuko du ekitaldia. Ohikoa denez Gernika plazatik Kultur Etxeraino igo beharko dira parte-hartzaileak. Igotzerakoan, bikotekideetako bat eskorgan eserita joango da eta beste kideak gidatu beharko du eskorga. Bidean antolakuntzak prestatutako ginkana edo probak gainditu beharko dituzte. Eta jaitsieran kideek postuz aldatu beharko dute. Egindako denbora eta ginkanan lortutako puntuak eta penalizazioak kontuan hartuz distantzia azkarren osatzen duen bikoa izanen da garailea. Iaz Iñigo Amezketa eta Ramontxo Castegi nagusitu ziren. Txape Iriarte-Mikel Ollo bigarrenak izan ziren eta Dani Saldise-Joritz Goñi hirugarrenak.