Tourra kitto eta sakandarrak primeran

Guaixe 2012ko uztailaren 23a

Despeditu da aurtengo Tourra, sorpresarik gabe. Sky taldeko Bradley Wigginsek jantzi du maillot horia, merezimendu osoz. Larunbateko erlojupekoan sekulako erakustaldia eman zuen britainiarrak, Froome bera baino hobe ote zegoenaren susmoen gainetik gailenduz. Hain zuzen ere, 3:21era sailkatu da bere taldekide Christopher Froome. Eta Sky taldeko ospakizunekin jarraitzeko Mark Cavendish izan zen azkarrena Champs Élyseetako azken etapan, Tourrean 3 garaipen eskuratuz. Podiumarekin jarraituz, Liquigaseko Vincenzo Nibali izan da hirugarrena, 6:19ra, eta aipatzekoa da RadioShackeko Haimar Zubeldia 6.a sailkatu zela, 15:41era. Mendiko maillota Thomas Voecklerrendako izan da, erregulartasunaren maillot berdea Peter Saganendako, borrokalaritasunaren maillota Chris Anker Soresendako eta gazteen maillota Van Garderendako. Talde onena RadioShack izan da, baina Sky taldeak Tour guztian barna izan duen  nagusitasuna txapela kentzeko modukoa izan da. Sakandarrei dagokienez, txanponaren bi aldeak ikusi dituzte. Euskaltel-Euskadiko Gorka Verdugo etxarriarra eta Movistar Team taldeko Imanol Erbiti hiriberriarra etxera itzuli behar izan ziren erorikoen ondorioz. Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzentzen duen taldeko lider Alejandro Valverdek proban jarraitu ahal izan zuen eta Pirinioetan, Peyragudesen despeditzen zen etapan lortutako garaipenarekin espero zituzten emaitzak makillatu dituzte.  Eta zer esan Euskaltel-Euskadik egindakoarengatik? Lehendabiziko astean lau txirrindulari galdu zituen talde laranjak, Samuel Sanchez liderra eta hiru txirrindulari inportante, Astarloza, Txurruka eta Gorka Verdugo etxarriarra. Ondorioz, morala altxatu eta estrategia aldatu beharrean izan dira Euskaltelekoak. Etapa lortzea izan zen helburu berria, eta egunero-egunero jomuga horretan aritu dira Tourrean geratu ziren lau txirrindulariak, Egoi Martinez etxarriarrak nolabaiteko "lidergoa" hartu zuelarik. Egun batean Egoi, hurrengoan Gorka Izagirre gertu izan dute etapa lortzea. Ihesaldi guztietan sartu dira talde laranjakoak, Pablo Urtasun urdiaindarrak eta Jorge Azanzak primerako talde lana eginez. Oso Tour duina egin dute, sekulako lana eginez. Horrela, Egoi 3.a izan zen etapa batean, eta 7.a beste batean. Izagirre ere 3.a sartu zen etapa batean eta 5. postu bat ere lortu zuen. Tamalez, ez da etapa irabaztea lortu baina txirrindulari laranjak aurrean izan dira uneoro, eta zaleen babesa gertu-gertu jaso zuten Pirinioetan. Egindako lan bikainaren isla, Egoi Martinezek Tourrean orain arte egin duen posturik onena lortu du. 17.a izan da, 31:46ra. Jorge Azanza 74.a izan da, 2:18:58ra, eta Pablo Urtasun 134.a, 3:21:34ra. "Oso kontentu nago taldeak izan duen jarrerarengatik, egindako lanarengatik, esfortzuarengatik eta eman duten guztiarengatik" adierazi du Euskalteleko zuzendari Gorka Gerrikagoitiak. Egoi Martinezek kontentu bukatu du. "Oso gustura amaitu dut Tourra. 34 urterekin, sailkapen nagusiko lehian murgildu naiz azken erlojupekoan. Inoiz ez dut halakorik egin. Zaila izan da Tourra, baina erreakzionatzen jakin izan dugu. Egindakoarekin harro gaude" adierazi du etxarriarrak. Meritu berbera dute Urtasunek eta Azanzak.