Etorkizuneko Euskaltel-Euskadi

Guaixe 2012ko uztailaren 25a

Atzo aurkeztu zuten Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldearen etorkizuneko proiektua. Euskalteleko presidente Alberto Garcia eta Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiko managerrak eman zituzten adierazpenak. Taldearen helburua goi mailan jarraitzea izanen da, munduko talderik onenen artean. Horrela, "World Tour kategoriaren beharretara egokituko da taldea, proiektu egonkor bat osatzeko". Oraingoz orain arteko filosofiari eutsi egingo diote. Adierazi zutenez, orain atzerritarrak fitxatzea "baztertuta" dagoela, baina goi mailan jarraitzeko beharrezkoa izanez gero, ez diotela uko egingo aukerari. Igor Gonzalez de Galdeano izango da taldeko managerra datorren urtetik aurrera, baita Basque Cycling Pro Team-eko zuzendaria. Hain zuzen ere, elkarte berri horren barruan egongo da taldea. Hemendik aurrera bide ezberdina jarraituko dute talde laranjak eta Euskadi Fundazioak. Nolanahi ere, eta Galdeanok adierazi zuenez, ez dute fundazioa "alde batera" utzi nahi. Proiektu berriarekin taldearen aurrekontua handituko da. 9 milioi eurokoa izango da, erakunde publikoen laguntzarekin. Iaz baino 2 milioi eta erdi handiagoa. Etorkizunean aurrekontu hori handitzeko aukera ikusten dute, beste babesle batzuekin. Euskalteleko presidente Alberto Garciak gaineratu zuen "harrobiko lana" sustatuko dutela, hori izango dela proiektuaren oinarria. "Taldeak ez du parekorik munduan, herrialde bat eta balio batzuk ordezkatzen dituelako" azaldu zuen. Samuel Sanchez oinarriOinarrizko txirrindulariei eutsiko omen dio taldeak. Galdeanok adierazi zuen ziurtatuta dagoela Samuel Sanchezek, Igor Antonek, Ion Izagirrek eta Mikel Landak jarraituko dutela. Hain zuzen ere Samu izango da taldearen oinarria. 28 txirrindulariko taldea izango omen da, orain artekoa baino 5 gehiago, proba guztietan aritu ahal izateko, eta oraindik ez dakigu egun talde laranjan aritzen diren lau sakandarrek - Egoi Martinezek, Gorka Verdugok, Pablo Urtasunek eta Jorge Azanzak - zer eginen duten.