Beriain igotzeko 19+2 aukera

Guaixe 2012ko uztailaren 26a

Beriain mendia berezia da sakandarrendako. Eta ez sakandarrendako bakarrik. Horren erakusgarri, Luis Urzainki mendizale iruindarrak Beriain 19+2 gida kaleratu du, Beriain mendia toki ezberdinetatik igotzeko 19+2 proposamen emanez. Oinez igotzeko ibilbideak, bizikletaz igotzeko ibilbideak eta Beriainen inguruko eskaladen berri ematen du Urzainkik. Mapekin, elkarrizketatxoekin eta Beriaingo argazki zoragarriekin osatu du lana. Gida salgai dago 10 eurotan. http://beriainmendia.comLuis Urzainkiren gidari buruzko informazio guztia eta gida erosteko aukera. Luis UrzainkiMendizalea eta Beriain 19+2 gidaren egileaZergatik animatu zinen mendi gida bat egitera?Lanean urte bateko eszedentzia hartu nuen eta gauza asko egin nahi nituen tarte horretan, bereziki mendira joatea. Laneko kide bat astebururo doa Beriainera eta bera esplikazioak ematen hasi zen: hemendik igo, beste bide bat dago ere hemendik, bestea handik... hasi nintzen igotzen eta ikusi nuen bide bat bestea baino politagoa zela eta hurrengoa are politago. Ni beti Unanutik igoa nintzen eta jabetu nintzen Beriainera igotzeko aukera ugari zeudela. Eta orduan pentsatu nuen: igual aukera dago hau gida txiki batean jartzeko. Eta azkenean hau sortu da, gida polita eta potentea. Zergatik Beriain? Sakandarrondako mendi berezia da Beriain, baina zer da zuretzat?Nik uste dut mundu guztiarendako dela oso mendi berezia. Zuek zortea duzue bertan duzuelako, baino Pirinioak kenduta uste dut dela Nafarroako mendirik politena dela. Kriston desnibela dauka, Sakana aldetik batipat, eta Etxarritik edo Arbizutik ikusita punta hori oso polita da. Oso erakargarria da. Berez, mendi potente bat da niretzako. Beriainera Oinez joateko, bizikletaz joateko eta eskalatzeko tokiak aipatu dituzu. Zuk bide horiek guztiak eginak izango dituzu, ez?Bai, hasieran oinezko ibilbideak egiten hasi nintzen. Hirutan igoa nintzen txirrindulaz Unanutik, Lizarragatik eta pentsatu nuen: ikusiko dut ea aukera gehiago dauden! Horrela, nahiko ibilbide politak atera zitzaizkidan. Ibilbide bakoitzeko denborak hartu nituen, ibilbideak markatu... eta lana osatzeko eskaladako bideak gehitu nizkion. Izan ere, inguruko zonalde batzuk ere ezagutzen nituen eskaladagatik eta gainera bide batzuk berriak dira, Nafarroako Eskalada Gidan ez dira azaltzen . Eta esan nuen hauek ere jarriko ditut, osatzeko Beriain inguruan hiru kirol horien gida.  Nola antolatu duzu zure lana? Hasi nintzen ni joaten eta denborak hartzen. Gero utzi zidaten argazki kamara on bat eta argazkiak egin nituen. Gero testuak egiten joan naiz eta lagunei pasatzen zuzentzeko, bai euskaraz eta baita gazteleraz. Ibilbide guztiak jaso, denborak eta kilometroak hartu, eta gero beste lagun batekin bildu nintzen, diseinatzailea bera, gidari itxura emateko. Bukaera eromena izan da, baina pozik nago sortu den lanarekin. Argazkiak ikusgarriak dira. Beriain gauez, lainopean, elurrarekin... Ni ez naiz argazkilaria. Ateratzen dituzu argazki pilo bat eta lekua polita bada eta kamara ona, argazkiak berez ateratzen dira. Erabaki politenak zeintzuk diren eta listo. Dena den argazki guztiak ez dira nireak, nahiz eta gehienak bai. Badut lagun bat, Mintxo Bidaurre, bere argazki batzuk ere badaude, eta baita Nerea Martinezen hainbat. Mapak ere txertatu dituzu. Gidak hiru atal ditu. Lehena trekinga. Aurrean dago mapa bat ibilbide guztiekin eta gero ibilbide bakoitza azaltzen da, bere mapa txikitxoarekin. Bigarren atala litzateke bizikletarena eta hor berdin. Eta eskaladako mapa ez dago aipatzen ditudan hiru toki ezagunak direlako. Pozik zaude lanarekin? Azkenean, bueltak eta bueltak ematen, zerbait polita atera da. Jendeak zoriontzen nau eta oso pozik dabil. Bere akatsak ere badauzka, orain ari naiz ikusten. Baina oso polita geratu da, oso grafikoa da, argazkiak politak dira eta argazkietan eta mapetan ikusten da ibilbideek zein errekorrido daukaten. Non dago salgai?Beriain hiru bailaren artean dago: Sakana, Ollo bailara eta Goñi bailara. Ibilbideak hiru puntutatik daudenez, aipatu tokietan jarri ditut salgai. Etxarrin Turismo bulegoan, Lasa Kirolaken eta Derryn; Altsasun Lasa Kiroleken, Turismo bulegoan eta Guaixeko bulegoan; Arbizun ekokanpinean eta Karrika tabernan; Arruazuko ostatuan; Lizarragako bentetan eta Irurtzungo Pikuxarren. Iruñean Basati kirolaken eta Mugan. Eta norbaitek nahi izanez gero gure webean sartu eta etxera bidaliko genioke. Gidak 10 euro balio du eta horri bidalketa gastuak gehitu. Nolako harrera izan du? Badakigu zenbait puntutan agortu ere egin direla. Oso harrera polita. Esan izan didate: hau iruindar batek egitea eta ez sakandar batek! Baina jendea pozik, gustatu zaiela diote eta zoriondu naute. Sakandarrentzat oso polita izan da, Beriain hor bertan izanda. Nahiz eta mendira joatea gustuko ez izan, besterik gabe argazkiak ikusteko oso polita da.