Etxarriko enpresak biomasa tratatzeko erabiltzeko prozedura Sakanarako irtenbide ona izan daitekeela

Guaixe 2012ko uztailaren 25a

Utzubar Ceramica bisitatuz hasi du Mank-ek enpresetara bisitakAurreko astean Etxarri Aranazko Utzubar Ceramica enpresan bisitan izan ziren Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasarorre, Etxarriko alkate Joxi Bakaikoa eta Sustrai Erakuntza fundazioko Xabier Zubialde. Ibarreko ingurumenaren babesa eta zaintza sustatu asmoz Sakanako Mankomunitateak enpresetara eginen duen bisita errondako lehena izan zen Utzubarrera egindakoa. Bisitariek ondorioztatu zutenez, "Utzubar enpresan erabiltzen den biomasa tratatzeko teknikak eta tresnak Sakanarako irtenbide ona izan daitezkeela, ibarrak autonomia energetikoa izan dezan". Etxarri Aranazko enpresak erabiltzen duen teknikak ingurumenari kalte gutxi egiten diola azaldu zuen. Porlandegiaren egitasmoarekin alderatuta "ezberdintasun nabarmenak" daudela gaineratu dute, "batez ere erabiltzen den erregaiarekin, zerrautsarekin". Utzubarren bestelako hondakinik erretzen denik ere ukatu dute. SistemaAdreiluak egiten dituzte Utzubar Ceramican eta bere ekoizpen prozesuan gas naturalarekin batera zerrautsa erabiltzen du, esaterako adreiluak lehortzeko labean. Horretaz gain, Etxarri Aranazko enpresak elektrizitatea eta energia termikoa sortzeko 3 motore daude. Energia termikoa adreiluen aurre-lehortzean erabiltzen da. Utzubarren zerrautsez elikatutako motore beste motore bat dago, elektrizitatea eta energia termikoa sortzen duena, azken hori zerrautsa lehortzeko erabiltzen da. Behin lehortuta zerrautsak bi erabilera ditu: edo motorrean bertan erabiltzen da edo adreiluak lehortzeko labean. BalorazioaSustrai Erakuntza fundazioko Zubialdek enpresaren eredua ibarreko biomasa aprobetxatzeko sistema ona dela adierazi zuen. Generazio motoreen erabilera "ekonomikoki errentagarria izateaz gai, energetikoki arrazoizkoa" dela ondorioztatu du, "errendimendu hobeak lortzen direlako". Biomasa erabiltzen duen motorraren tamaina megawattio bateko potentzia du, "txikia eta arrazoizkoa". Enpresan zerrautsarekin pelleta egiten dute eta Zubialdek aukera aproposa dela esan du. Bestelako gehigarririk onartzen ez duen EN-PLUS araudiarekin egiten denez bermeko pelleta ekoizten da. Horrek Sakanako biomasaren erabilera sustatzeko aukera emanen lukeela gaineratu du.