Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean jendea poliki bildu zen, Sakanako fusilatuen senitartekoak biltzen dituen elkarteak eta Etxarri Aranazko Udalak antolatutako ekitaldian. Deialdia egiterakoan Joxi Bakaikoa alkateak esan zuen "altxamendu faxista izan eta 76 urteren ondoren oraindik guztiz argitu gabe eta egindako mina konpondu gabe" segitzen dutela. Deitzaileek nabarmendu zutenez, "izua hedatu nahi izan zuten faxistek herritarren gehiengoaren babesa zuen II. Errepublikak martxan jarri nahi zuen aldaketa politiko eta soziala geldiarazteko". Altxamendu ondorengo erregimenak "herritar gehienak miseriara kondenatu eta aberatsen interesak bermatu" zituela nabarmendu zuten. Francoren heriotzaren ondoren "altxamendu faxistaren biktimek egiaren aitortzarik, justiziarik eta erreparaziorik ez dute jaso". Meza ondorengo ekitaldian Eneko Lazkoz bertsolariak kantatu zuen. Xabier Mikel Errekondo Amaiurko diputatuak hitza hartu zuen eta fusilatutakoei aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zitzaien. Afusilatu sakandarren senideez gain arabarrenak ere izan ziren Otsoportillon. Azken horiek beraien ekitalditxoa egin zuten.